"Irribarreak VS, Pankartak": Berrizko institutuko zuzendaritza taldearen gutun irekia

Anboto 2020ko urr. 13a, 09:07

Berrizko Bigarren Hezkuntzako Institutuko zuzendaritza taldeak oharra kaleratu du pandemia hasi zenetik hezkuntza arloan izan dituzten gorabeheren berri ematen. Hezkuntza Sailak izandako jarrera deitoratu dute eta dei egin diote inbertsio publikoak eta aurreikuspenak egitera.

Irrifar gutxi aurkitu omen dituzte zenbaitek berriro irekitako ikastetxeetan. Irrifargutxi eta pankarta gehiegi nonbait. Desoreka hori, adierazgarria iruditu zaio bere karguan estreinatu berri den Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuari. Bada, irakasle garen legez, azalpenetan jaioak gara aspaldi, erraza zaigu pankartenatzeko haserrea eta samina argudiatzea.

Otsaila bukatzen ari da, martxoan SARS-COV-2 birusaren lehen aztarnak ageri dira Euskal Herrian. Hedapena nabaria da, eta ikastetxeetan, gizartean sorturiko kezka isladatzen da. Ehundaka izango dira EAE guztian garai hauetarako aurreikusitako ikasbidaiak. Tamalez hartu beharko dugun erabakia badakigu, ikasle eta irakasleen osasuna ezin da kolokan jarri. Hala ere, administraziora jotzen dugu, salbuespen egoera honetan afera hau aintzat hartuko baitute, ezin gaituzte noraezean utzi. Hainbat dei egin eta gero oker genbilela konturatzen gara; oraingoz, ezinezkoa omen dute erabaki hori hartu, nahiz eta Gasteizeko ikastetxe guztiak itxiak egon. Berriz ere, guri bustitzea dagokigu, gurasoek jarritako diruarekin zer gertatuko den ez dakigularik. Eskerrak, Hezkuntza Sailetik bidai hauek antolatzearen garrantzia azpimarratzen diguten, zenbaitetan txalotu ere, dena esan beharra dago eta.

Bi egun geroago, prentsaz ohartzen gara ikastetxeetatik atera behar garela. Korrika, presaka, ikastetxea hustu beharra daukagu. Ikasleei oporraldi bat ez dela barneratuarazi, lasterka ordenagailurik izango ez luketen ikasleak detektatu eta abar luze bat, ordu frenetikoak.

Biharamunean, irakasleok ardura osoz ezagutzen ez dugun erronka berri batetan murgiltzeko indarrak metatzen ditugu. Plangintza telematiko bat adosten dugu, ikasgela birtualak guraso eta ikasleei helarazteko. Oraindik, neurrigabe hasiko diren pantaila aurreko orduez jabetzek odenborarik ez daukagu.

Jadanik apirila heldu da, bi aste daramatzagu gure mugikor eta ordenagailu lagun banaezinekin, gau eta egun amaigabeak ikasleen hezkuntza eskubidea bermatu nahian. Bapatean, berriz ere komunikabieen bitartez, Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburu ohiak ikastetxeetako ordenagailuak bana ditzakegula adierazten digu. Antzadenez, arrakala sozioekonomiko eta kulturalari arrakala digitala deitzen diote orain, ordenagailu batek dena konponduko balu bezala. Dena dela, beste behin berandu, dagoeneko ordenagailuak banatuta genituen ikasle horiek galduta egon ez daitezen.

Asteak badoaz eta administrazioa desagerturik daukagu. Bitartean, irakaslegoa, ikaslegoa eta gurasoak pantaila bati so; bideo tutorialak, bideokonferentziak eguneroko ogia. Bapatean, guztiak konfinatuta gaudela, telebistatik jasotzen ditugu aurtengo ebaluazio irizpide berriak. Ez gara hauetaz eztabaidatzen hasiko gehiegi luza gaitezkeelako, baina uste dugu bestelako kanalak baditugula hontaz jabetzeko. Baina ez, beste behin ere, antzezlan honetan ikusle hutsa izango bagina sentiarazten gaituzte.

Maiatza heltzen da, pantaila arteko bilera zein eztabaidak jarraitzen dute, inor atzean gera ez dadin ikasleen eboluzioa aztertzea erronka nagusia. Norgehiagoka berriari heldu diogula uste dugunean, telebista eta prentsa amezgaizto bilakatzen dira. Cristina Uriartek eta Nekane Murgak ikastexeak modu orokortu batean ireki behar ditugula adierazten digute. Bapateko presak nabari dira edonon, ikasleak bueltatzea proposatzen dute, irakasleak bueltatu ez garenean. Nola bermatu segurtasun neurriak? NondaudeEPIak? Nola uztartu klase presentziala eta telematikoa? Oraindik ez dugu ezta kontingentzia planik jaso eta guri diseinatzea ez dagokigu, oro har ez gara adituak horretan. Josu Erkorekak irtenbidea dauka guzti honentzat; aho betez dio ikastetxeek desinfekzio prozesu bat jasan dutela eta soluzio hidroalkoholikoa heltzear dagoela. Gure ikastetxea desinfektatua dago bai, baina ditugun garbitzaile biek hartu dutelako beregain ezinbesteko lan horren zama, inork helarazitako EPI eta baliabide berririk gabe noski. Urteetan gutxieztutako eta gehienetan emakumezkoek egiten duten lan hau, bapatean nahitaezko bilakatu den honetan, ez dituzue aintzat hartu. Martxoan greban bazeuden ere, bertan behera utzi zuten gu zaintzeko. Baina nor arduratzen da premiazko langile hauen zaintzaz?

Zalaparta erdian, uztaila hauteskundeak egiteko une egokia izan daitekeela diosku IñigoUrkulluk nonnahi.

Zuzendaritzatik garbi daukagu, ikasleak bueltatuko badira, indartze saio batzuetarako edota ekaineko ez-ohiko azterketak egiteko izango da, oso era kontrolatu eta mailakatuan. Berdinda, ArantxaTapia daukagu aurrez aurre lanera itzuli beharra daukagula esaten, gainontzeko sektoreek hala egin dute eta. Honek ez omen daki, martxotik aurrera gure etxeetako zenbait txoko ikasgela bilakatu ditugula. Egindako lan eskerga gutxiezteaz gain, iraingarria oso.

Ekaina heldu da, irakasleok ikastetxeetara itzultzengara, eta tarteka ikasle gutxi batzuk artatu ditugu neurri guztiak bermatuz. Ematen du ikasturtea atera dezakegula, konfinamenduaren norgehiagoka honi eutsi diogunaren sentsazio xume bat ageri da. Hala ere, Zuzendaritzan antsietatea nagusi, hurrengo ikasturtea helburu. Hezkuntza Saila desagertu da berriz ere, hauteskundeetaz mintzo dira komunikabideetan baina irailean aurrez-aurreko eskolak bermatzeko; neurri, protokolo, baliabide eta jarraibide zehatzik ez datorkigu.

Uztaila heltzen da eta gure beldur guztiak errealitate bilakatzen dira. Aurreko ikasturteak bezalaxe prestatu beharko dugu 20-21 ikasturtea; betiko baliabide berdinekin, eta Erkidegoko ikastetxe guztietara (berdin haur, lehen zein bigarren hezkuntza izan) bidali den kontingentzia plan berarekin, non, hiru agertoki deseberdin diseinatu beharko ditugun. Egia ez balitz, parodia zein zientzia fikziozko pelikula batean koka genezake udako bi hilabeteotan bizitakoa.

Iraila heltzen da, zuzendaritzak diseinatutakoa martxan jartzeko unea. Urduritasuna eta egonezina edonon. Aurrez aurreko eskolan sinesten dugu, ez dugu gure jarduna pantailetan berbirtualizatu nahi, baina hezkuntza komunitate osoaren osasuna kolokan dago; osasuna eta ikasleen hezkuntza eskubidea halaber. Ikastetxera egokitutako plana nekez atera daiteke aurrera, baliabide urritasunagatik. Martxotik hona, ez da inongo aurreikuspenik egin eta ikastetxeei leporatu dizkiezue zuei dagozkizuen erantzukizunak. Irakasleok prest egon gara eta prest gaude ahaleginetarako. Halaerakutsi izan dugu azken hilabeteotan, baina Hezkuntza Saila aparte ikusi dugu eta pausuren bat eman duenerako ikastetxeetako langilegoa aurreratu zaio. Lidergo falta oro har. Suminduta gaude, itzulera adostu eta seguru bat baino ez dugu nahi. Eta oraingoan bai, aski da, grebara goaz. Orduantxe, izendatu berri duten Urkullu lehendakariak honela dio; “ikastetxeak udaran itxita egon dira, beraiek aldiz lanean”. Falta zitzaiguna; gure lana behin eta berriz gutxieztua izan da, ikastetxeengan jarri dituzue zeuei dagozkizuen erantzukinak, ezgaituzue baliabideez hornitu, zein helbururekin egiten ditu lehendakariak adierazpen horiek?

Egun egiten ditugun aldarrikapenak ez dira birus batek sortarazitakoak. Pandemia honek inoiz baino nabarmenago utzi ditu urteetan eginiko aldarrikapenak. Erratioak jaistea ezinbestekotzat jo izan dugu beti, maila pedagogikoan zeinak ademikoan ikasleen beharrizanei arreta egokiago  bat ematekotan. Pandemiak garbi utzi duena zera da, osasunari erreparatuz ere, 40 metro karratutan 25na nerabe sartzea ez dela bideragarria. Jakin badakigu, bapatean OMS-ek proposatutako 15 ikasleko erratioak bermatzea zeharo zaila izan daitekeela, bai azpiegitura zein irakasle eza dela eta. Baina konbentzituta gaude, inoiz baino lehentasun handiagoz ekin behar diogula erronkari; adostasunak bilatuz herri honek behar duen zutabe garrantzitsuenetako bati ndartu eta berreraiki beharra daukagu, etorkizun hurbilari anbizioz begiratuz. Kalitatezko eskola publiko eta euskalduna dugu helburu, balore feministetan oinarrituta, eta ikasleen beharrizanei ekitatez erantzungo diona,familien desoreka sozio-ekonomikoen gainetik ikasleen premiak asetuko dituena oro har. Honetan irmoki sinisten dugu, Hezkuntza Sailak bide bera egiten hastea besterik ez dugu behar; inbertsio publiko, aurreikuspen, proposamen eta ekintza zehatzekin, borondate politikoarekin alegia. Has gaitezen ba, hamarnaka urte galduak dira baina bidea zein den badakigu behintzat. Soilik horrela, elikatuko baititugu ikastetxeak irrifarrez. Soilik orduan, aldatuko da irrifar eta pankarten arteko korrelazioa.

Berriz BHI-ko Zuzendaritza Taldea

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!