“Kontziente izan behar dugu zer kontsumitzen eta zer erabiltzen dugun”

Aitziber Basauri 2020ko ira. 19a, 10:00

Warmi Lurra Ekuadorren jaiotako proiektua da. Anne Goienetxek (1994) hiru hilabeteko boluntariotza egin zuen han, komunitate indigenetan, GKE bategaz, iazko udan, eta baliabide naturalen aldeko apustu jasangarria egitea posible zela ikusi zuen. Paule Goienetxek (1997) ere hango egunerokoa ezagutzeko aukera izan zuen bisitan joan zenean.

Zelan sortu zen Warmi Lurra?
Anne: Warmi Lurra egunerokoan kontsumitzen dugunari buruz dugun jakinguratik sortutako proiektua da. Ez bakarrik jaterako orduan, baita azala edo gorputza zaintzerako orduan ere. Ekuadorreko komunitate indigenetan, inguruak eta naturak emandakoa erabiltzen dute, osasuna zaintzeko, jateko, janzteko... Hori guztia gure egunerokoan zelan aplikatu hausnartzen hasita, xaboiak egiten hasi ginen. Trebatzen, informazioa biltzen, saltsan hasi ginen... Orduan ikusi genuen xaboiak ez ezik beste hainbat gauza ere egin genitzakeela.

Hasiberriak zarete bidea egiten.
Paule: Bai. Erabiltzeko xaboiak sortzen hasi ginen; berrogeialdian jardun genuen batez ere. Denbora librea eta ideia aurrera ateratzeko gogoa batu ziren, eta orduan pentsatu genuen jendartera zabaltzea. Ingurukoak sentsibilizatzea zen helburua, guk Ekuadorren bizi eta ikusitakoa erakustea eta oinarrizko produktu naturalak gerturatzea, eskuragarri jartzea. 
Anne: Egiten duguna erakusteko, gure produktuak sare sozialetatik zabaltzen hasi ginen, helburu pedagogiko bategaz. Izan ere, jendea produktu naturalak egitera animatzea ere bada helburua.

Eta gertukoenek osatutako sarea handituz joan da. Harritu egin zaituzte izandako harrerak?
Anne: Inork gure produktuak erosiko zituen ala ez pentsatu barik hasi ginen. Sorpresa handia izan da.
Paule: Bai, jendearen feed-back-a oso  ona izan da, ez genuen eskaririk  izatea espero. Bada, proiektu honi itxura formalagoa ematea da orain erronka. Kontziente izan behar dugu zer kontsumitzen eta zer erabiltzen dugun. Hori garrantzitsua dela uste dugu.

Km0 kontzeptua eta ekonomia zirkularra bultzatzen dituzue.
Anne: Bai. Eta bide horretan, jendeak etxean botatzeko dituen ontziak emateko eskatzen dugu, berrerabiltzeko. Olioa ere berrerabiltzen dugu.
Paule: Hilabeteko prozesu baten ondoren, kozinatzeko erabili den olio horregaz xaboia egiten dugu.

Zeintzuk osagai erabiltzen dituzue?
Paule: Almendra, koko edo sesamo olioak, etxean ditugun landareak (erromeroa, santolina..), hidrolitoak eta argizaria.

Bizi filosofia duzue Warmi Lurra?
Anne: Hala da, bai. Bizimodurako gura dut hau guztia, natura zaintzea funtsezkoa dela deritzot. Horretan sinisten dut. Berdin pentsatzen dutenei aukera txiki bat eskaini gura diegu bide hori hartzeko.

Bizi filosofia bizibide bihurtuko da?
Paule: Ez dakigu. Gure ametsa da, garai baten egiten zen lez, denda bat zabaltzea ontziratu barik saltzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!