Eusko Jaurlaritzak Berrizko aterpetxea eskaini du Moriako kanpalekuko errefuxiatuak hartzeko

Maialen Zuazubiskar 2020ko ira. 14a, 16:14

Eusko Jaurlaritzak Moriako kanpalekuko migratzaileei laguntza eta elkartasuna eman gura diela azaldu du gaur goizean Beatriz Artolazabal sailburuak. 

Irailaren 8an Lesbos uharteko Moriako kanpalekuak su hartu zuen, eta orduz geroztik bertan dauden migratzaileen egoera oso larria da. Hori kontutan hartuta, gaur goizean Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikekako sailburuak prentsaurrekoa eman du eta bertan jakitera eman duenez, Jaurlaritza prest agertu da Moriako errefuxiatuak hartzeko. Bertan azaldu duenez, Jaurlaritzak hainbat baliabide ditu errefuxiatuak hartzeko, eta horietako bat Berrizko aterpetxea da. "Gaur egun bizi dugun egoera oso larria da, eta erantzun humanitario solidarioa, azkarra eta premiazkoa behar du", esan du Artolazabalek. Hori horrela, dagoeneko Espainiako Gobernuari eta Europako Batasunari gutun bana igorri dietela azaldu du, Jaurlaritzaren bitartekoen berri emanez.

ANBOTOri Berrizko aterpetxeko arduradunetako batek azaldu dionez, "aterpetxean lekua dago eta prest dago errefuxiatuak hartzeko". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!