Berrizek Bizkaiko lur gaineko sokatira txapelketa hartuko du hurrengo bi zapatuetan

Anboto 2020ko ira. 10a, 09:57

Berrizburuko zelaian bost talde arituko dira lehian.

Irailaren 12ko eta irailaren 19ko zapatuen artean banatuko dute txapelketa. Jardunaldi biak batuta punturik gehien batzen dituen taldea izango da Bizkaiko txapelduna.

Bost talde ariko dira lehian: Getxo, Laukizko Gaztedi eta Erandioko Akelarre, Goiherri A eta Goiherri B taldeak. Goiherri A txapelketa irabazteko faborito argia da, Euskal Herriko txapelketako pisu gehienetan gailendu delako.

Pesaketak 14:00etan egingo dituzte eta tiraldiak 17:00etan hasiko dira.

Segurtasun protokoloa

Bertaratzen diren guztiei tenperatura hartuko diete sarreran. Tiraldi-gunearen ondoan aulkiak jarriko dituzte ikusleak bertan esertzeko eta ezingo dira handik altxatu tiraldiak amaitu arte.

Horrez gainera, sokatiralariek ez diote elkarri eskurik emango tiraldiak amaitzen direnean.

Jon Gisasola harrijasotze txapelketan

Bestalde, domekan, 12:00etan, harri txikien harrijasotze txapelketa lehiatuko dute Sopelako udaletxe pareko plazan eta hantxe izango da Jon Gisasola 'Zelai V.a' mallabiarra, Inhar Urruzunorekin eta Julio Jimenezekin batera. Hiru minutuko txandetan 113 kiloko zilindroari, 113 kiloko kubikoari eta 100 kiloko bolari helduko diote.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!