Emakumeei laguntza emozionala emateko zerbitzua jarri dute martxan Berrizen

Maialen Zuazubiskar 2020ko ira. 9a, 10:43

COVID-19aren pandemiaren ondorioak leundu asmoz, emakumeentzako zerbitzu berri bat martxan jarri du Berrizko Udalak, laguntza emozionala emateko zerbitzua.

"Pandemiaren eraginez, emakume kolektibo desberdinetan beharrak sortu dira. Denbora librearen defizitak eta zainketen gainkargak eragin negatiboa izan dute emakumeen osasun fisikoan eta mentalean. Hori dela eta, zerbitzu hau martxan jarri dugu", esan dute Berrizko Udaleko kideek.

Gainera, ekimen honek beste helburu batzuk ere badituela jakitera eman dute. Esaterako, koronabirusak herriko emakumeengan izan duen inpaktua detektatzea eta emakumeek izan ditzazketen beharrak zeintzuk diren jakitea.

Zerbitzua telematikoa izango da, nagusiki telefono bidezkoa baina whatsappez eta emailez ere egin ahal izango da jarraipena. Arreta telefonikoa martitzenetan egingo da 9:00etatik 11:00etara eta eguaztenetan 16:00etatik 20:00etara. Erantzunak, berriz, 24 orduko epean emango direla azaldu dute udaletik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!