Berrizen pertsona bat atxilotu dute zabor-kamioi batetik gasolioa lapurtzen ari zela

Anboto 2020ko abu. 14a, 13:25

Bart 03:00an inguruan atxilotu dute 49 urteko gizonezkoa.

Berrizen prebentzio-lanetan ari zen Ertzaintzaren patruila batek gizon bat ikusi du aparkatuta zegoen zabor-kamioi baten atzean ezkutatu nahian. Agenteek patruila-autotik jaitsi eta gizona identifikatu dute, kamioiko erregai-deposituko sarraila txikituta zegoela eta kamioiaren azpian gasolio-bidoi bat eta tutu-zati bat zeudela ikusi ondoren. Horrez gainera, inguruan zegoen auto bateko erregai-deposituaren ahoan inbutu moduan jarrita zegoen plastikozko botila bat ere aurkitu dute.

Gizona, 49 urtekoa, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu dute, Ertzaintzak ohar batean informatu duenez.

Atxilotua polizia-egoitzara eraman dute eta epailearengana eraman zain dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!