626.500 euro eta 13 neurri, Berrizko sozioekonomia suspertzeko

Ekaitz Herrera 2020ko abu. 5a, 17:19

Berrizko Udalak 'Bizi Berriz' plana ipini du martxan koronabirusak eragindako kalte sozioekonomikoei aurre egiteko. 13 neurriz osatutako plana da. Neurrietako batzuk martxan daude jada. Beste batzuk irailetik aurrera ipiniko dira martxan. Suspertze plana udalbatzako indar politiko guztien artetik irtendako lana da.

Koronabirusak eragindako testuinguru sozioekonomikoari buelta eman gura dio Berrizko Udalak. Horretarako 'Bizi Berriz' plana osatu dute udalbatza osatzen du. Guztira 626.500 euro bideratuko ditu herriko ehundura ekonomiko eta soziala suspertzera. 13 neurri finkatu dituzte horretarako. Batzuk martxan ipini ziren duela hainbat hilabete, baina beste batzuk berriak dira. Esaterako, 150.000 euro bideratuko dituzte Berrizko mikroenpresak eta behargin autonomoak laguntzera. Udazkenean herriko erosketa bonuen bigarren kanpaina etorriko da, eta herriko kulturgileen kontratazioetarako laguntzak onartu dituzte, besteak beste. Honako hauek dira neurri guztiak:

  • Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratuko ditu 200.000 euro. (Dagoeneko 171.000 euro baino gehiago banatu dituzte)
  • Etenda gelditu diren zerbitzuetako tasak eta ordainketak bueltatuko ditu.
  • Elikagaien bankuari 5.000 euro gehiago emango dizkio. Koronabirusa baino lehen 30 ziren elikagai bankura jo behar izaten zuten berriztarrak. Egun, 42 dira.
  • Emakumeentzako laguntza emozionala. Arreta psikosoziala eta 115 ordu gehiagoz handitu du. 5.000 euro gehiago bideratu ditu zerbitzura.
  • Eskola material informatikorako laguntzak. Egon daitekeen arrakala informatikoari aurre egin gura dio udalak, inor ez dadin ikasketak egin ezinik gelditu, baliabide digitaletara sartzeko ezintasuna bada. 15.000 euroko diru-partida aurreikusi dute horretarako.
  • Berrizko komertzioentzako babes neurriek ipini ditu (manparak, pantailak eta babes ekipamenduak, esaterako). 15.000 euro.
  • Babes eta osasun materialaren erosketa. 40.000 euro inbertitu ditu herriko eragileekin batera maskaren eta pantailen sorkuntzara.
  • Lan-arrisku prebentziora 5.000 euro gehiago bideratu ditu.
  • Herriko kontsumoa pizteko bonuen salmenta. Udalak bi kanpaina egingo ditu aurten. Lehenengoa bukatuta dago, eta udazken partean egingo du bigarrena. Orotara 20.000 euro bideratuko ditu deskontu-bonuetara. Bestalde, Berrizko Merkatarien Elkarteari 5.000 euro gehiago txertatu dizkio.
  • Herriko merkataratitza sustatzeko sentsibilizazio kanpainetara 15.000 euro bideratuko ditu.
  • Mikroenpresentzako eta autonomoentzako laguntzak. 150.000 euro bideratuko ditu horretara.
  • Langabetuak kontratatzeko plangintza. Eskualdeko kontratazio planerako 15.000 euro bideratu ditu, eta beste 50.000 euro herriko kontratazio planerako.
  • Turismoaren sustapena. 10.000 euro
  • Herriko artisten eta kulturgileen kontrataziorako 15.000 euro.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!