Malas Compañías antzerki taldeak familia osoarentzako pilula antidepresiboa proposatuko du Berrizko kultur egitarauaren barruan

Aritz Maldonado 2020ko uzt. 9a, 11:45

Bihar, barikua, 18:00etan izango da emanaldia, eskolako patioan.

Malas Compañiasen Prozak obra "Ezohiko familia" bat da. Barrearen bitartez, ikuslearen alde gizatiarrenagaz batu gura dute antzezleek. "Burubako egoerez beteriko unibertsoan murgilduko gara, oharkabean familia horren parte bihurtu arte", azaldu dute antzerki konpainiakoek. Malas Compañiasek antzerkia eta zirkua nahasten ditu azken lan honetan. "Gure eskaintza antidepresibo osasuntsu bat da: barrea eta emozioa", diote. Bihar, barikua, 18:00etan izango da emanaldia, eskolako patioan.

Malas Compañías konpainiak dozena bat urte daramatza lanean. Urte hauetan, zazpi antzezlan sortu ditu, eta hau horietariko azkena da.

Antzerkia eta dantza
Uztaileko gainerako bariku bietan ere izango du lekua antzerkiak (Maintomano konpainiaren Beldur barik, uztailaren 17an, eta Musika kutxa eta Indala dantza ikuskizunak, uztailaren 24an).

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!