“Jendeak keinu hizkuntza hurbil sentitzea gura nuke, naturalago bizitzea”

Aitziber Basauri 2020ko uzt. 6a, 08:44

Lorena Meisek DonSigno marka sortu zuen, keinu hizkuntza sustatzeko eta agerian ipintzeko. Urrian urte bi beteko dira enkarguak egiten dituela, zuzeneko inprimatzea erabilita. Keinu hizkuntzako interprete ikasketak egin ditu eta gor eta itsuen gidari-interprete lez lan egin du Galizian. Pedagogia Terapeutikoko irakaslea ere izan da. Hiru urte dira maitasunak Berrizera ekarri zuela.

Zerk eraginda jaio zen DonSigno?
Kasualitateak. Berrizera etorrita konturatu nintzen uste baino zailagoa nuela lana aurkitzea, eta bikotekideak marka bat sortzera animatu ninduen. Berak serigrafiagaz lan egiten du. Gaiari hainbat buelta eman ondoren eta keinuak marraztu egin daitezkeela ikusita, ideia horri heltzea erabaki nuen.    

Diseinu markatik harago, gorren kolektiboagaz eta hauen gizarteratzeagaz konprometituta dago DonSigno. Apurtu beharreko hesi asko daude?
Komunikazio traba asko daude. 2007tik hizkuntza ofiziala da. Hala ere, esparru publiko askotan ez dago interpreterik, eta hezkuntzan apenas lantzen da. Beharrezkoa da keinu hizkuntza hezkuntzan barneratzea, gehiago baloratzeko, eboluzionatzeko, agerian ipintzeko. Hizkuntza gutxitua den aldetik, neurriak hartu behar dira desagertu ez dadin.

Mito asko dago keinu hizkuntzari buruz
Nagusiena, nazioarteko  hizkuntza dela. Herrialde bakoitzak berea du, batzuetan bat baino gehiago. Espainian bi dira ofizialak: gaztelania eta katalana. Eta ez dute zerikusirik, adibidez, frantsesagaz. Euskararen edo galegoaren kasuan, keinu asko desagertuta daude, hainbat berreskuratu guran dabiltzan arren. Gor-mutua berba ere oso zaharkituta dago; gorrik gehienek berba egiten dute. Aniztasun funtzionala edo aniztasun sentsoriala lako kontzeptuak ere indartu behar genituzke.

Nondik datorkizu lotura keinu hizkuntzagaz?
Txikitatik erakarri nau keinuen bitartez komunikatzeak. Granadan unibertsitateko ikasketak egin nituenean izan nuen lehenengo hartu-emana gorrekin. Ikastaroa egin nuen gorren federazioan, eta lagunak egin nituen. Gero, keinu hizkuntzako interprete zikloa ere egin nuen. Ikasle pisu batean gor bi eta entzule bi ginen.

Enkargu pertsonalizatuak egiten dituzu. Zer eskatzen dizute gehien?
Izen propioak ipintzea. Garagardo baterako etiketa sortzea izan da eskatu didaten bitxiena. Keinu hizkuntza sustatu gura dut nire diseinuekin eta sare sozialetan zabaldutako argitalpenekin. Oso ezezaguna da oraindino, eta jendeak hurbil sentitzea gura nuke, naturalago bizitzea.

Enbaxadore ugari dituzu...
Zenbait celebrity-k jantzi dituzte nire diseinuak: Natalia Verbekek, Eva Gonzalezek, Monagillok, Rozalenek eta Beatriz Romerok, Carlota Correderak, Carlos Blancok... Asko pozten nau.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!