“AEBetatik birritan deitu didate panpinak eskatzeko; ezetz esan diet”

Aitziber Basauri 2020ko eka. 27a, 10:00

Freddi Mercury, Jimi Hendrix, Amy Winehouse, Marilyn Monroe, Gandhi edo Asterix eta Obelix.Momotxorro, Iturengo joaldunak, Tartalo edo Basajaun. Playmobil panpinak pertsonalizatu egiten ditu  Peio Agirrek (Berriz, 1969), eta sare sozialen bitartez erakutsi gero. Enkarguak hartzen ere hasi da. Hala ere, zaletasuna baino ez duela nabarmendu du, musika eta argazkilaritza lez.

Zer dela-eta hasi zinen Playmobil panpinak apaintzen?
Nor ez da inoiz jolastu Playmobil panpinekin? Gure belaunaldian behintzat... Andaluziara oporretan joan nintzen batean bururatu zitzaidan. Playmobil panpinak apaintzeko tradizioa dago han; Aste Santuko prozesio handiak irudikatzen dituzte. Bada, nik ere egin nezakeela pentsatu nuen. Gainera, banuen Playmobil panpinen bilduma txiki bat. Hainbat figuratxo sortu ditut, euren diorama txiki eta guzti: Berrizko dantzariak; Marino Lejarreta, berari eskainitako oroitarriagaz; Berrizen elefante  baten eta idi pare baten artean egindako desafio ezaguna... Nik jotzen dudan Storm musika taldearen diorama ere badut. Baina lekua behar da diorametarako, eta, azkenean, panpinak eurak bakarrik apaintzen hasi nintzen. Ehundik gora ditut etxean.

Ondo gordeta izango dituzu denak.
Bai, beira-arasa batean ditut. Lekua egin behar izan diet. Esan behar dut bildumazalea naizela. 30 bat argazki kamera ditut, eta jostailuzko 200 bat rally kotxe.

Zenbat denbora behar izaten duzu panpinak eskuz apaintzeko?
Astebete inguru panpina bat egiteko. Behar ditudan piezak lortu eta gero, panpina apaindu eta pintatu egiten dut. Baliteke piezaren bat ez aurkitzea; orduan, eskuz egiten ditut. Moldeatzeko pasta erabiltzen dut panpinaren gainean formak irudikatzeko (txapelak, zapiak...).

Harrituta zaude panpinen arrakastagaz?
Oso harrituta! Euskal Herriko hainbat lekutatik deitu didate panpinak egiteko. Batez ere, dantzariak eskatzen dizkidate. Otsagabiatik (Nafarroa), adibidez, 'Bobo' pertsonaia enkargatu dit urteetan 'Bobo'-rena egin duenak. Postaz bidaltzen hasi  naiz, baina beldurra ematen dit, oso apurkorrak direlako. Iparraldetik ere maskaradako dantzariak eskatu dizkidate. Dudarik barik horretxek dute arrakastarik gehien. Baina ez dut oso argi hori zelan kudeatu. Niretzat hau ez da negozio bat. Poza ematen du norberak egindako lana hain gustuko izatea jendeak. Baina harrituta nago hartu duen dimentsioagaz. AEBetatik birritan deitu didate panpinak eskatzeko, baina ezetz esan diet.

Afizioa ofizo bihurtuko duzu?
Inondik inora. Hau zaletasun bat da niretzat, eta afizioa ofizio bihurtuz gero, ez da berdin disfrutatzen.

Bat aukeratzeko eskatzen badizut...
Iturengo joalduna eta maskaradako dantzariak. Lan handia dute, detaile asko. Kiss musika taldeak ere lan handia eskatu zidan. Bestalde, Torrente oso barregarria iruditzen zait pertsonaia lez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!