Berrizko Udalak osasun krisiaren ondorioz kaltetutako hainbat zerbitzutako tasak itzuliko ditu

Maialen Zuazubiskar 2020ko eka. 13a, 12:01

Covid 19-aren ondorioz, hainbat zerbitzu eten behar izan dituzte Berrizen. Esaterako, kiroldegiko zerbitzua. Hori horrela, Berrizko Udalak hainbat tasa birkalkulatzea erabaki du. 

Kirol zerbitzuen kasuan, urteko kuota ordaintzen dutenei (igerilekuak edo fitness +  cycling eta urzabal) dagokien zati propotzionala itzuliko die udalak. Hiruhileko edo hileko kuota ordaintzen dutenei ere zati proportzionala itzuliko diete, baita ikastaroetako erabiltzaileei ere. Urbazaleko bonuei dagokienez, baliatu ezin izan diren paseen kopuru proportzionala itzuliko diete.

Tasekin jarraituz, zabor-bilketa eta estolderia-zerbitzuaren, tasa murrizteko erabakia ere hartu du udalak. Hau ordaintzera behartuta dauden guztiei aplikatuko zaiela jakitera eman dute.

Zerbitzu edo jarduera soziokulturalei dagokienez, ofizioz itziluko dira instalazioak ixtearen ondorioz eman ezin izan diren zerbitzuetako likidazioak. Kultura-bonuak ematen dituen doako sarreren zati proportzionala itzuli egingo da, eta egin ezin izan ez diren ikus-entzunezko eta zuzeneko ikuskikuzetan kobratu diren tasak osorik itzuliko dira. Baita, udalekuetako tasak ere.

Bukatzeko, martxoaren 14tik maiatzaren 14ra bitartean terraza instalatzeko zerbitzuagatik ostalariek ez dute tasarik ordaindu beharko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!