Martxan da udal bankua mugikortasun arazoak dituzten herritarrentzat

Maialen Zuazubiskar 2020ko mar. 10a, 15:00

Berrizko Udalak laguntza teknikoen udal bankua martxan ipini du mugikortasun arazoak dituzten herritarrentzat. Bankuari eskerrak, 18 laguntza-produktu ipiniko dituzte udalean herritarren eskura: taka-taka bi, lau komun altxagarri, lau gurpildun aulki, lau makulu pare eta ebakuntza osteko lau zapata.

Produktu hauek Berrizko herritarrentzat izango dira bakarrik, eta medikuaren agiria eduki beharko da udal bankutik hartzeko. Gainera, eskaerak udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuan egin beharko dira.

"Udal zerbitzu berri honek mugikortasun arazoak dituzten  eta zenbait jarduera aurrera eramateko zailtasunak dituzten pertsonen autonomia bultzatzea du helburu. Beraz, laguntza-produktu hauek eskaintzen dituzten abantailek pertsonen bizi kalitatean eragingo dute", azaldu du Lorea Rementeria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.

Bestalde, udalak ohar baten bitartez jakinarazi du La Caixak emandako 2.000 euroko diru laguntzagaz erosi dituztela dohaintzan jaso ahalko diren 18 produktu hauek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!