Ainhoa Colino, 15 urtegaz Euskadiko ibiltaririk onena bihurtu den harribitxi berriztarra

J.D./I.G. 2020ko ots. 19a, 09:35

Maila absolutuan Euskadiko txapelduna da eta joan zen asteburuan maila handia erakutsi zuen Espainiako Txapelketan. 

Euskadin gaur egun dagoen ibiltaririk onenak 15 urte ditu eta berriztarra da. Ainhoa Colinok (Bidezabal taldea) ahobete hortz utzi zuen atletismo mundua orain hiru asteburu, maila absolutuan Euskadiko Txapelketa irabazi zuenean. Zigilu horregaz joan zen aurreko asteburuan Torreviejan (Alacant) lehiatutako Espainiako txapelketara, eta orduan ere maila handia eman zuen. 18 urtez azpiko mailan, 10 kilometroko distantzian, 12. tokian sailkatu zen, ordura arteko bere markarik onena —Euskadiko txapelketan lortutakoa— hiru minutu baino
gehiagotan hobetuz; 56.20-ko denboran geratu zuen kronometroa. Azken 15 urteetan euskal atleta batek —maila denak kontuan hartuta— egindako denborarik onena da. Beste datu bat ere kontuan hartzekoa da: Espainiako txapelketan bere aurretik amaitu zutenen erdiak, hamabitik sei, Colino baino urtebete nagusiagoak ziren.

Bidezabalen harrobiaren protagonismoa
23 urtez azpiko Espainiako txapelketa ere jokatu zuten talde durangarreko atletek. Pista estalian lehiatu zuten, eta bertan Judith Otazua gernikarrak seigarren postuan amaitu zuen 1.500 metroko proban. Unai Hernandez infantila, berriz, Bizkaiko kros txapeldun geratu zen Sestaon antolatu zituzten Bizkaiko Txapelketetan. Bidezabalgo atletak klubeko kide duen Aritz del Pino izan zuen lagun podiumean, bigarren postuan amaitu zuelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!