Zaldibarreko zabortegian gertatutako lur-jausia dela eta, "oso arduratuta" daudela adierazi dute EH Bilduko eta Elkarrekin-Podemoseko kideek. Hori horrela, lur-jausiaren inguruko eremuan kutsadura baieztatu denez, aire kalitatearen azterketak egitea eskatu diotela udalari jakitera eman dute, berrizko herritarrak ere dioxina eta furano isurien eraginpean ote dauden jakiteko. "Hala ere, berrizko alkateak ez duela beharrezko ikusten inolako neurketarik egitea esan digu", adierazi dute.
Oposizioko kideek, kaltetutako ingurutik "hain gertu" egonik, udalaren "eginbeharra" beharrezko bitartekoak jartzea dela uste dute, "balizko kutsadura arriskua egiaztatu edo deskartatzeko". Bestalde, udal gobernuak gainerako ordezkariei "inolako informaziorik ez ematea" salatu dute.