“Hasiberriak diren taldeetan ohi den lez, gure helburua lehenengo diskoa grabatzea da, baina ez dugu presarik”

Aritz Maldonado 2020ko ots. 17a, 09:22

Berrizko harrobi amaiezinetik beste harribitxi bat irten da: Dube. Oraintsu, lau abestiz osaturiko maketa kaleratu dute. Aurkezpen gutuna esku artean, irrikan daude eurek ondutako rock doinuak oholtza gainean defendatzeko.

Nogaz grabatu duzue maketa?
Estoldetan estudioan grabatu genuen, Berrizen, Aitor Agirreren eskutik. Asteburu batean grabatu genuen ia dena, goizetik gauera lan eginez. Bere teknikak erabilita, Aitorrek asko erraztu zigun prozesu guztia.

Zelan sortu zen taldea? Nortzuek osatzen duzue? Zeintzuk dira zuen influentzia nagusiak?
Iker Hernandezek (bateria), Eñaut Armentiak (baxua eta abeslaria), Aiert Agirrek (gitarra eta koruak) eta Iker Olabegoiak (gitarra) osatzen dugu taldea. Laburbilduz, esan genezake eskolak eta musikaren munduak eraman gaituztela elkar ezagutzera. Hasieran, Hernandezek, Eñautek eta Aiertek osatzen genuen taldea, baina Olabegoiak taldean sartzeko keinua egin zigun, eta horrela osatu genuen taldea azkenean. Influentzia aldetik, oso aberatsak gara; jazz generotik rock gogorrenera dugu finkatuta gure gustua, baina, batez ere, gure musikak 60ko eta 90eko hamarkaden arteko rocka du energia iturri. Led Zeppelin, Jimi Hendrix, Cream, Nirvana… oso gogoko ditugu. Gaur egungo rockari ere oso gertutik jarraitzen diogu: Foo Fighters, Berri Txarrak, Morgan, Mocker’s, Ezpalak…

Oker ez banago, taldekideetariko batzuk The Van taldeko kideak ere bazarete. Zelan egingo duzue talde bietan aritzeko?
Hernandez eta Eñaut gabiltza The Van taldean. Astean pare bat entsegu ditugu, bata Dubegaz eta bestea The Vanegaz. Gure ikasketetarako denbora gehiago behar izatekotan, entseguetariko bat asteburura pasatzen dugu. Kontzertuei dagokienez, ez dugu arazorik izaten egutegiagaz. Dena dela, taldean denok gaude antzera: Aiert The North eta Stormegaz eta Olabegoia Etsipenegaz.

Hainbat kontzertu eskaini duzue azken hileetan. Gustura zaudete taula gainean?
Oso gustura. Oraindino esperientzia falta zaigu, baina gero eta solteago gabiltza eszenatokietan. Kontzertuen balantzea egiten dugu beti, ondo zer egon den, eta zer ez, eta horrek geroago eta hobeto jotzera eramaten gaitu. Azkenengo kontzertuak oso garrantzitsuak izan dira: Lukiek taldeagaz Bakion, eta Mocker’s durangarrekin Berrizen, 360º formatuan.

Aurrera begira, zer plan dituzue?
Hasiberriak diren taldeetan ohi den lez, helburu nagusienetariko bat gure lehenengo diskoa grabatzea da, baina ez dugu presarik. Apurka-apurka, kanta berriak sortzen eta esperientzia hartzen goaz. Maketa honek hainbat lehiaketatara aurkezteko aukera eman digu, Gaztearen lehiaketara eta The 80’s tabernakora, eta gehiagotara aurkezteko asmoa dugu.

Zerbait gehitu gura baduzue...
Martxoan pare bat kontzertu ditugu Durangon: 14an The 80’s tabernako lehiaketaren parte den kontzertua izango dugu, eta 28an Sorginola gaztetxean izango gara, Mocker’s taldeagaz. Maketaren CDa eta kamiseta salgai ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!