"Ez diezaiogun Berrizi itzaltzen utzi. Segi dezagun nork bere esparruan eragiten; guztion ardura da!"

Berrizko Greba Batzordea 2020ko ots. 5a, 13:48

Urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin bat egin zuten herritar guztiei Berrizko Greba Batzordeak bidalitako esker oneko mezua. 

Gutun honen bidez, urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin bat egin zuten berriztar guztien jarrera ipini nahi
dugu balioan. Etxean zein etxetik kanpo lanuzteak egin zituzten beharginak, klasera joan ez ziren ikasleak,
mobilizazioetara etorri ziren pentsiodunak eta langabetuak... Guztien ekarpena izan zen ezinbestekoa.

Badakigu dendari txikientzat, tabernarientzat edo autonomoentzat negozioak egun batez ixteak zer eragozpen
ekar ditzakeen eta, alde horretatik, eskertzekoa da plantoa bistaratzeko egin zuten ahalegina. Lan, bizitza eta pentsio duinen aldeko borrokarekin bat egitea erabaki zuten eta, orain, herritarroi dagokigu eurenganako elkartasun keinuak edukitzea: kontsumitu dezagun Berrizko denda, taberna edo bestelako zerbitzuak eskaintzen dituzten guneetan. Era berean, horrelako egunetan ikusgarritasun txikiagoa badute ere, badakigu greba egin ahal izateko etxeko ardurak eta zaintza-lanak berrantolatzeak zer suposatzen duen. Ahalegin hori egin zuten guztiei ere, eskerrak.

Jar dezagun zaintza erdigunean, banakoa zein kolektiboa. Eta, batez ere, ez diezaiogun Berrizi itzaltzen utzi. Segi dezagun nork bere esparruan eragiten; guztion ardura da! 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!