Autobideko panelak aldatu dituzte Berrizen, herriko kutsadura akustikoa gutxitzeko asmoz

Maialen Zuazubiskar 2020ko ots. 5a, 10:30

Herriko bizi kalitatea hobetzeko asmoz, Berrizko Udalak zarata mapa egin du enpresa espezializatu baten bitartez. Azken osoko bilkuran Orlan Isoird Berrizko alkateak jakitera eman zuenez, herriko industrialdeetako eta hiriguneko kutsadura akustikoa nolakoa den jakiteko egin dute mapa.

Behin mapa esku artean izanda, Berrizko Udalaren asmoa ekintza plan bat jorratu eta kutsadura puntuak hobetzen joatea dela esan zuen alkateak.

Josu Albizuri EH Bilduren bozeramaileak adierazi zuen eurak "beti" egon direla zarata maparen alde. "Hala ere, gure ustez, zarata mapa hau zaharkituta jaio da. Ez dira kontuan hartu Learreta eta Abeletxeko lanak, eta lan horiek jasota egon beharko liratekeela deritzogu. Beraz, hasi orduko berriztu egin behar den zarata mapa bat daukagu", kritikatu zuen Albizurik.

EH Bilduko zinegotziari erantzunez, Isoirdek "mapa bizia" dela eta kale neurketen bitartez mapa eguneratzen joango direla azaldu zuen.

Lehenengo neurria, hartuta
Berrizko Udalak neurriak hartuko ditu kutsadura akustiko hori gutxitzeko. Alkateak kazetariei jakitera eman zienez, dagoeneko hartu dute lehenengo neurria. "A8an kutsadura akustiko handia dago eta errepide ondoan dauden panelak aldatzeko eskatu genion Bizkaiko Foru Aldundiari", adierazi zuen Isoirdek. Aldundiak 850.000 euro inbertitu ditu lan horiek egiteko.

Neurri hau Berrizko Udalak hartzen duen lehenengoa dela esan zuen alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!