Barikuan, urtarrilak 31, berriztarrek bisita berezia izango dute: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Euskal Herrian aurkezten dabiltzan Bizi dantza ikuskizuna eskainiko dute. Ahalik eta jenderik gehienak ikusteko asmoz, herriko frontoian egingo dute ikuskizuna, 17:00etan. Zapatuan, ostera, 2020ko kultur aroak Kultur Etxean izango du zita. Zaldi Urdina antzezlana egongo da ikusgai, 20:00etan.
Artista ugari igaroko dira Berrizko Kultur Etxetik, baita berriztarrak direnak ere. Alde batetik, otsailaren 29an, Txintxaun antzerki taldeak Imbebible lan berria aurkeztuko du. Komedia antzerki horretan protagonistak diren pertsonaia biek historian zehar gertatu den berririk onena iragarriko dute. Beste aldetik, Miren Amuriza sortzaileak Gorria lana plazaratuko du Askoa Etxebarrieta dantzariagaz batera, martxoaren 28an. Bertsolariaren eta flamenko dantzariaren arteko elkarrizketa artistikoa egingo dute oholtza gainean, gitarra eta perkusio soinuen laguntzagaz. Baina Euskal Herritik kanpoko artistak ere izango dira Berrizen. Besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetako Kelly Finnigan & The Atonemets taldea etorriko da kontzertua eskaintzera. Pauline eta Juliette musikariek emango diote amaiera kultur aroari, maiatzaren 23an.