Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak deitu duen greba orokorraren harira, mozioa aurkeztu zuen atzo Berrizko EH Bilduk, baina mozioa ez zen aurrera atera, udalbatza osatzen duten 11 zinegotzitik 7k kontra bozkatu baizuten (EAJk 6k eta PSE-EEko 1ek). "Greba eskubidea pertsona guztiek duten eskubidea da, erabat errespetatzen dugu jendeak greba egitea. Baina guk ez dugu greba babestuko, hainbat puntu ez baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren ezta Nafarroaren eskumenak", esan zuen Orlan Isoird Berrizko alkateak. "Guk ere greba eskubidea babesten dugu, baina grebaren alde ez dugu egingo", azaldu zuen Carmen Marco PSE-EEko zinegotziak.
Berrizen Podemoseko zinegotzia, berriz, abstenitu egin zen. "Arduraz hartzen dugu mozio hau, eta uste dugu mugimendu sozialetan ez liratekeela partidu politikoak sartu behar. Bestalde, greba arreta deitzeko modu bat dela uste dugu. Hala ere, guk beti babestuko dugu greba eskubidea", adierazi zuen David Jimeno Berrizen Podemoseko zinegotziak.
Azken honen berbek "hitzik gabe" utzi zuen Josu Albizuri EH Bilduko bozeramaileak. "Hitzik gabe gelditzen naiz Podemosen jarrera entzuterakoan. Ertzainaken abesti batek esaten duen moduan, nola aldatzen diren gauzak. Ez dut ulertzen, gobernuan hain denbora gutxi egonda". Bestalde, EAJren eta PSE-EEren gizarte eredua eta EH Bildurena berdinak ez direla ikusten dela esan zuen Albizurik.