Frankismoko sinbolokoak kentzeko mozioa onartu dute Berrizen, bigarrenez

Maialen Zuazubiskar 2020ko urt. 23a, 12:15
Berrizbeitia kaleko 5 atarian dago ikur frankista bat.

Udalean, Herriko eraikin publiko zein pribatuetan dauden ikur frankista guztiak kentzeko mozioa aurkeztu zuen Berrizen Podemosek atzoko udalbatzarrean. Aho batez onartu zuten. 2009an antzerako mozio bat onartu zuten. Orduko mozioa EAE-ANVk aurkeztu zuen. 

2009an Ezker Abertzaleak herriko ikur frankista guztiak kentzeko mozio bat aurkeztu zuen Berrizko udalean. Aho batez onartu zen EAE-ANVk aurkeztutako mozioa. 11 urte beranduago talde politiko batek, berriro, eraman du gaia osoko bilkurara, eta herrian gelditzen diren ikurrak kentzeko eskatu du. Oraingoan, Berrizen Podemosekoek aurkeztu dute mozioa. "Uste dugu ordua dela ikurrok kentzeko. Gainera, bizilagunek ere horiek lehen bait lehen kentzeko eskatu digute", adierazi zien kazetariei David Jimeno zinegotziak. Berrizen Podemos alderdiko kideak, beraiek hiruzpalau ikur detektatuta dituztela jakitera eman zuen. 

Orlan Isoird alkateak 2009an EAE-ANVk gauza bera proposatu zuela, eta mozioa onartu zuela gogorarazi zien udalbatzarrean batutakoei, eta garai hartan hasitako bideari jarraipena eman, eta herrian ze sinbolo dauden begiratuko dutela esan zuen. EH Bilduko bozeramaileak, berriz, mozioa onartu zenetik hainbat bider udalari ikurrak kentzeko eskatu diola azaldu zuen.  "Berriz aintzindari izan zen horrelako mozio bat aurkezten. Eredu izan ginen mozioa onartzerako garaian, baina ez plakak kentzerakoan. Uste dugu garrantzitsuagoa dela aztarna horiek kentzea mozio berri bat sartzea baino", bukatu zuen Josu Albizuri EH Bilduko bozeramaileak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!