“Edo hondoratu edo gora egin bizirauteko. Bigarrena erabaki genuen. Gutxiago gara, baina indar gehiago dugu”

Aritz Maldonado 2020ko urt. 17a, 12:00

Egokitu zaien sasoi korapilotsua nabarmen gainditu dutela esan dezakete Kohatuko kide gazteek. Joseba Romerok (gitarra eta ahotsak), Martin Sarasketak (bateria) eta Xabier Gutierrezek (baxua) hirukote lez jarraitzea erabaki zuten Bingen Bañosek taldea utzi eta gero. Hasi berri den 2020 honetan 'Oskolak' kaleratu dute, euren lehenengo lan luzea. Asier Alejok ere parte hartu du Juan Blas ezagunak [Nothink, Minor Empires...] Madrilen duen estudioan eginiko grabaketan.

Nolako prozesua izan da 'Oskolak' erditzekoa?
Joseba Romero:
Disko hau kolpe bat izan da mahai gainean, eta indar hori biltzen ahalegindu gara abestietan. Mezu sozial asko ere badago.
Martin Sarasketa: Maketa grabatu osteko sasoian nahiko kateatuta geunden. Gero, Bingenek taldea utzi zuen eta hirukote lez jarraitzea erabaki genuen.
J.R.: Hondoratzea edo gora egitea bizirauteko. Horixe zen gakoa. Eta bigarrena erabaki genuen. Taldean gutxiago gaude, baina indar gehiago dugu.
M.S.: Oskolaren kontzeptua Oihana Iguaran bertsolariari irakurri nion testu batetik dator. Izaki bizidun gehienek oskola babesteko dutela zioen; guk, ostera, hezurdura barruan dugu. Hauskortasunari buruz berbetako modu hori asko gustatu zitzaidan.
J.R.: Oskola norberaren babesgune lez ere ikusten dugu. Azken finean, norbera ziur sentitzen den gune hori, askotan gorde egiten duguna: izan daiteke gitarra jotzea, rallyak... Kontzeptu horregaz jolastu gura genuen. Diskoaren azalean ere hori irudikatu gura genuen. Izeberg moduko baten punta ageri da, barruan gehiago duena. Silvia Marin arduratu zen diseinua egiteaz.

Musikari dagokionez, norantz jo duzue lan berri honetan?
M.S.:
Hiru partaide izateak estiloa moldatzera eraman gaitu. Kantak beste ikuspuntu batetik egitera behartu gaitu, baina abestiak entzun eta Anestesia edo Kuraia datozkit burura, lehen bezala. 
J.R.: Hiru izatera, abestiak irauten duen hiru minutuak zukutzera behartuta gaude. Dena eman behar da, ez dago-eta beste aukerarik. Geldiuneak hartuz gero instrumentuagaz, laburra izan behar da, oso ikusgai zaudelako.

Madrilen grabatu duzue.
J.R.:
Lehen esandakoagaz lotuta, hau gure urtea da: gauza berriak probatu edo taldeagaz jarraitzeak ez luke zentzurik izango.
M.S.: Bukle moduko batean geunden, hemen edo inguruetan kontzertu bi jota urtean. Esan beharra dago Berrizko Udalak asko lagundu digula; euskarazko kultur ekoizpenak bultzatzeko duen partidatik laguntza jaso dugu.
J.R.: Horrela, aukera bi ikusten genituen: lasaiago ibili hemengo estudio batean grabatzen, edo arriskatu eta ausart jokatu. Bigarrena aukeratu genuen eta Madrilera joan ginen guretzat idoloa den Juan Blasegaz grabatzera. Oso erraz joan zen dena eta oso gustura aritu gara. Diskoaren grabazioan arreta handia ipini gura genuen, eta horretarako ere oso baliagarria izan da. Astebete pasatu genuen elkarregaz, buruan diskoaren grabazioa baino ez genuela.
M.S.: Lehenengo egunean urduri geunden eta gehiago kostatuko zitzaigun beharbada. Hor kolokan ikusi nuen diskoa, baina gero ondo joan zen dena. Guretzat sekulako esperientzia izan da, inoiz ere ez dugulako grabatu profesionalki. Asko ikasi dugu. Oskolak, kontzeptu moduan ere, estudioan bertan irten zen.
J.R.: Apustu guztietan lez, ondo edo txarto irten zitekeen eta erronka gainditu dugula uste dugu. Orain, jendeak diskoa entzutea gura dugu, ea gustuko duen.

Erronka hau bultzada bat ere izango zen zuentzat.
M.S.:
Bai. Xabier Gutierrezek Bilbora joan behar izan du lan kontuengatik. Grabatzerakoan, Asier Alejoren laguntza eduki dugu. Hilabetean, diskoko abesti guztiak ikasi zituen. Diskoa salbatu duela esan daiteke. Laurona da disko hau.

Zapatuan zuzenean aurkeztuko duzue,Qvernogaz batera. Gogotsu zaudete?
M.S.:
Laguntza jasotzerakoan, udalaren baldintzetariko bat lana Berrizen aurkeztea zen. Niri egundoko ilusioa egiten dit; Qvernoko Alain laguna da, gainera.
J.R.: Kontzertu berezia izango da.Berrizko jaiak dira eta 360 graduko formatuan izango da, gainera. Presio apur bat ere badugu, eta etxeko lanak eginda eraman beharko ditugu, baina oso gogotsu gaude kontzerturako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!