"Sua apur bat kontrolpean edukitzea, beste sekreturik ez du odolosteak egosteak"

Aitziber Basauri 2020ko urt. 16a, 11:55

Berriztarrak San Antonio jaietan murgilduko dira bihar. Hurrengo egunetan, hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera ezin hobea izango dute bertakoek eta kanpotik doazen bisitariek. Urteetako usadioari eutsita, bihar, 19:30ean, odolosteak dastatzeko aukera egongo da. Jatekoari laguntzeko, sagardotegi ibiltaria ere antolatu dute. Begoña Gerenabarrenak urteak daramatza jaietan odolosteak prestatzen, Toki-Ona jatetxean lehen eta Learreta-Markina eskolako sukaldean orain. Aurten ere ez du hutsik egingo.

Zenbat urte daramatzazu odolosteak prestatzen jaietarako?
Ez dakit esaten, baina 15 urtetik gora izango dira. Toki-Ona jatetxean hasi ginen odolosteak egosten. Bertako sukaldean lan egin dut, 40 urtean. Lau anai-arrebon artean eraman izan dugu negozioa, gurasoek utzi eta gero. 2012an itxi egin genuen jatetxea, Gabon zahar egunean. Orduan utzi nion, urtebetez bada ere. Gero, San Antonio jaietan Learreta-Markina eskolako sukaldean prestatu zituzten odolosteak. Ez ei ziren oso ondo konpondu, eta galdetu zidaten ea eskolako sukaldera joan nintekeen odolosteak prestatzera. Eta horretan nabil harrezkero. Miren eta Agus ere ibiliko dira odolosteak kozinatzen.

Zenbat odoloste egosten dituzue? Badago sekreturik?
Odolosteak eginda ekartzen dizkigute, egosteko prest. Beraz, ez du lan askorik eskatzen, egostea baino ez. Sua apur bat kontrolpean edukitzea, beste sekreturik ez du odolosteak prestatzeak. Guztira, 100 bat kilo odoloste egosten ditugu.

Jende asko joaten da Olakueta plazara odolosteak jatera?
Bai, asko. Eguraldi onagaz, batez ere. Bertakoak eta inguruko herrietakoak ere etortzen dira.

Herriko jaiak lanean bizi izan dituzu urte askoan...
Bai, sukaldean. Lan askogaz. Gogoan dut Egan erromeria taldea etortzen zela afaltzera, eta angulak eskatzen zituztela beti, garestitu egin ziren arte. Galdetu ziguten angulengatik, baina, ordurako, enkarguz baino ez genituen ateratzen. Garai batean oso indartsuak ziren San Antonio jaiak. Orain baino gehiago esango nuke. Dena dela, orain ere egitarau polita prestatzen dute jaietarako, denen gustua betetzea zaila izaten den arren.

Orain beste era batera bizi dituzu jaiak.
Bai, lasaiago. Aldea dago. Tabernako edo jatetxeko lana oso gogorra da. Gogoan dut, adibidez, zapatuan erromeria izaten bazen, biharamunean goiz zabaldu behar genuela, nekazaritza produktuen azokarako. Jendea gosaltzera etortzen zen, salda hartzera ere bai. Salda lapikokada prest eduki behar genuen jaietan, egunero. Taberna prest edukitzeko, bizkortu beharra zegoen. Orain, prestatzen dituzten oilasko pintxoak probatzera joaten naiz.

Zer gustatzen zaizu gehien?
Mezara joaten naiz eta, gero, pintxoren bat edo tragoren bat hartzen dut. Dantzariak ere ikusten ditut; semea eta ilobak dantzariak ditut. Herrian bizi ez den berriztar asko etortzen da jaietan, eta asko gustatzen zait elkar ikustea. Donien Atxa jasotzen ikustera ere joaten naiz.

Hotza egiten du sasoi honetan...
Fresko egiten du, baina ondo jantziz gero ez dago arazorik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!