Mendi bizikleta martxagaz hasiko dituzte Antonio Deunaren jaiak Berrizen

Anboto 2020ko urt. 9a, 14:31
Nekazal olinpiadetako irudia

Donien-atxa altzatuz emango die merezitako ondoetorria Antonio Deunaren jaiei Berrizen, urtarrilaren 16an. Hala ere, domekan, mendi bizikleta martxa egingo dute, urtero legez. Bestalde urtarrilaren 20an ospatuko diren nekazal olinpiadetan parte hartzeko izena emateko epea, bihar, urtarrilaren 10ean zabalduko da.

Olakueta plazatik abiatuko da domekarako antolatu duten mendi bizikleta martxa. Aurten 29. aldia duen martxako parte hartzaileek 10:00etan hasiko dute ibilbibidea. Ordu erdi beranduago, martxa txikia hasiko dute sei urtetik 14  urtera bitarteko neska-mutilek. 

Egunean, urtarrilaren 16an, egingo du eztanda jai giroak. Donien-atxa igotzeko elkartuko dira berriztarrak, 20:30ean. Aurretik, baina, usadioari eutsiz ibilaldia egingo dute herria zehar, donien-atxa gainean hartuta. Kantu Lagun egiteko hitzordua ere jarri dute, 19:30ean. Gau giroa, bestalde, Mockers eta Dube taldeen doinuek berotuko dute. Bestalako doinuekin gozatzeko aukera ere emango dute Antonio Deunaren jaiek: Qverno eta Kohatu taldeek joko dute, urtarrilaren 18an, eta, urtarrilaren 19an, Rock Classical Trio entzuteko aukera egongo da.

Umeentzako ekitaldiak ere batu dituzte jai egitarauan. Tirri, Mirri eta Txiribiton izango dira Berrizen, urtarrilaren 18an, eta Sound 4 super disko festa antolatu dute hilaren 19rako. Asteburu horretan egingo dute XXXIX. Barazki eta Fruitu erakusketa ere bai. Kirol ekintzei dagokionez, emakumezkoen binakako Frontenis Txapelketako finalak eta XIV. San Antonio pilota finalak jokatuko dituzte, urtarrilaren 17an.

Nekazal Olinpiadak

Berrizko Nekazal Olinpiadek ere ez dute hutsik egingo. Urtarrilaren 20an jokatuko dira, baina, parte hartzaileek izena eman beharko dute aurretik. Bihar, urtarrilaren 10ean zabalduko da horretarako epea. Gehienez sei taldek eman ahal izango dute izena, eta bost lagunek osatutako talde  mistoak izan beharko dira. Taldekide guztiek parte hartu beharko dute probetan. Urtarrilaren 28an agurtuko dituzte jaiak, herri afariagaz. Aurretik, urtarrilaren 24tik 27ra LXIV. San Antonio Idi Proba Saria egingo da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!