Garaik eta Agirre-Etxanizek irabazi dituzte Laboral Kutxa EITB Masterreko bi partiduak

Anboto 2019ko abe. 29a, 21:55

Leire Garai eta Iera Agirre-Leire Etxanizek irabazi dituzte, giro apartarekin, Berrizen jokatutako LABORAL KUTXA EITB Masterreko bi partiduak

Urteko pilotaririk onenak bildu dira bertan eta, lehiatzeko egunik onenak ez badira ere, bertan bildutako pilotazaleek tanto ederrekin gozatu ahal izan dute.

Lau eta erdiko partiduan, pilota mistoarekin, Leire Garai arabarrak errebantxarako tartea izan du , Miriam Arrillaga txapeldunari 16-22 irabazita. Hasiera-hasieratik hartu du gainera Garaik partiduaren ekimena, kantxan eroso sentitzea kosta izan zaion aginagarraren aurka. Lau eta erdiko finalerdian ez bezala, ondo mugitu zuen pilota gasteiztarrak, baina esan daiteke Arrillagak ez duela bere egunik onena izan.

Sakea izaten da gipuzkoarraren armarik boteretsuenetako bat, baina gaur eskubiak ez dio nahi bezala funtzionatu eta kosta egin zaio kantxan agintzea. Hala ere, partidua latzen izan duenean, (10-17) ere galtzen joan da, lehiatzeko grinak ez dio hutsik egin eta desabantaila bi tantora ere murriztu du (15-17). 

Dena dela, gaurkoan Garai askoz ere sendoago aritu da eta merezita lortu du garaipena.

Binakakoan, pilota goxoarekin, Leire Etxanizek bere urte bikaina borobildu ahal izan du beste garaipen on batekin. Iera Agirrek lagunduta, 22-11 irabazi diete Olatz Arrizabalaga-Maite Ruiz de Larramendiri hutsek baldintzatutako partida arraro batean.

Beste askoren artean, sendotasuna izan da Etxebarriko pilotariaren dohainik onena bere garaipen guztietan eta gaurkoan ere horrek eman die garaipena nafarrari eta bizkaitarrari. Lehen tantoak bestelako partida bat izango zela iradoki duen arren, lehia azkarra izan da, egindako baina galdutako tanto gehiagorekin. Pentsa, urdinek 19 huts batu dituzte (13 Arrizabalagak eta 6 Maite Ruiz de Larramendik) eta zenbaki horiekin ezinezkoa da maila hauetan lehiatzea.

Hemen ere, hasieratik hartu dute irabazleek partidaren aginte makila eta kasu honetan aldeak handitu baina ez dira egin neurketak aurrera egin ahala. Agirre-Etxanizek ez dute partida bereziki distiratsurik egin, baina beti egon dira euren lekuan, kantxan ez dute zirrikiturik utzi eta aurkariak desesperatzera heldu dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!