Berriz SUSA Hirigintza Sozietate Publikoaren likidazioa hasi du udalak

Maialen Zuazubiskar 2019ko abe. 19a, 09:37

1998an, Berrizko Hirigintzako gestio guztiak bere gain hartzeko, eta herrian babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza sustatzeko Berriz SUSA izeneko Hirigintza Sozietate Publikoa sortu zuten. Atzoko osoko bilkuran, sozietate publikoa likidatzeko pausoa eman zuen udalak. EAJk subrogazioaren alde bozkatu zuen, eta EH Bildu eta Berrizen Podemos abstenitu egin ziren.

Orland Isoird Berrizko alkateak jakitera eman zuenez, 2012a baino lehen Berriz SUSAk 20 etxebizitza zituen bere jabetzan eta 1.400.000 euroko hipoteka. 2012an udalak etxebizitza horiek saltzea erabaki zuen, eta 20tik 14 etxebizitza saldu dituzte. “Momentu honetan Berrizko Udalak 6 etxebizitza ditu bere jabetzan, eta horietatik hiruk hipoteka daukate”, azaldu zuen Isoirdek. Hau da, 160.000 euro inguruko hipoteka.

Likidazioa berandu
Josu Albizuri EH Bilduko bozeramaileak likidazioa berandu etorri dela esan zuen. “Likidazio hau berandu etorri da, 12 urte berandu. Gainera, erabaki politiko batzuengatik likidazioa udaleko teknikariek egin behar izan dute eta gure ustez, hori politikoen ardura zen”.

Berrizen Podemoseko David Jimenok, berriz, likidazioa “beharrezkoa” zela azaldu zuen, baina beraien ustez auditoria bat egitea ezinbestekoa dela. “Auditoria beharrezko ikusten dugu, garai hartan, maileguak kontrolik gabe ematen ziren eta”, bukatu zuen Jimenek.

Aurrekontuetan 100.000 euro
Bestalde, Berriz Susak 2003an egindako adjudikazio irregular bategatik 1,8 miloi euroko isuna ordaintzen dabil udala. 2016an, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 3. Zenbakiko epaitegiak udala arduradun subsidarioa dela ebatzi zuen eta horrela, udala 10 bat urterako zorpetu behar izan da banketxeekin. 2017az geroztik, 100.000 euroko diru partida gordetzen dute aurrekontuetan, eta hori gogorarazi zuen atzoko bilkuran EH Bilduk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!