Berriz Susaren esleipen batengatik 2 milioiko isuna ordainduko du udalak

Epaitegiek ebatsi dutenez, 2003an Berriz Susa hirigintza-sozietateak egindako esleipen  irregular baten ondorioz, Berrizko Udalak 1.823.525 euroko zigorra ordaindu beharko du.

EH Bilduk dioenez, “EAJri erantzukizuna hartzea eskatzen diogu, herritarren aurrean aurpegia emateko ordua da eta”. Niko Moreno Bizkaiko EH Bilduko kideak Berrizkoa lan “beltzaren” beste adibide argi bat dela adierazi du. Berriz Susan egon zirenei “erantzukizun politikoa” eskatzen dietela esan du, eta “denek” aurpegia eman eta inor “ezkutuan” geratu ez dadila. EH Bilduko kideek adierazi dutenez, sententzia “argia” da, eta bertan argi ikusi daiteke Berriz Susak “oker” egin zituela bere lanak. EH Bilduko kideek adierazi dute 2003an salaketa hau jarri eta honekin aurrera jarraitu dutenak Jauregizar SAkoak izan direla, hau da, prozesu honek ez duela judizializazio politikorik izan.

Sententzian inpugnatzen dena administrazio kontseiluak hartutako erabakia dela argitu du Orlan Isoird Berrizko alkateak (EAJ). EH Bilduren kritiken aurrean argitu gura izan du sasoi hartan bera ez zela administrazio kontseilu horretako kide. Berriz Susa sozietateak martxan jarraitzen duen arren, “disolbatzea” aztertzen aritu direla bai aurreko legegintzaldian baita oraingoan ere aurreratu du Isoirdek. “Berriz Susa, garai batean, etxebizitzak erosten hasi zen, eta aurreko legealdian saltzen hasi ginen, ez genuelako ulertzen Berriz batek hainbesteko etxebizitza parkea izan behar zuenik”. Oraindik 11 etxebizitza saldu gabe daude.

Udalak arduradun subsidiario moduan ia 2 milioi euro ordainduko dituen arren, erantzukizun politikorik eskatu beharko litzatekeen eztabaidatzen ari direla onartu du Isoirdek.

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.