Zamorako kartzelan preso egondako apaizen testigantzekin egindako dokumentala Irudienean erakutsiko dute, zapatuan

Joseba Derteano 2019ko abe. 6a, 17:00

Protagonisten lekukotzen bitartez, frankismo garaian Zamorako abade kartzelan preso egon zirenen istorioa Apaiz kartzela izeneko dokumentalean jaso dute Oier Aranzabal eta Ritxi Lizartza zuzendariek. Dokumental horren irudiak azokan erakutsiko dituzte, abenduaren 7an. Irudienean izango da, 12:30ean. Preso egon ziren hainbat abade batuko dira ekitaldian.

Han preso egondakoak kartzelara bertara eraman zituzten dokumentalerako eszenak grabatzeko. Xabier Amuriza bertsolari eta idazlea (Etxano, Zornotza, 1941) da euretariko bat. Hain zuzen ere, dokumentala iragartzeko erabili duten kartelean Amuriza zelda batean ageri da, aulki batean jesarrita eta leihotik kanpora begira. "Zelda haretan bertan lau hilabete eman nituen", gogoratu du, eta dokumentalaren harira egindako bisitak gomutak ekarri zizkiola onartu du. "Gaur egun, kartzela izandako eraikin hura abandonatuta dago, apurtuta eta zahartuta, baina hara joan ginenok toki guztiak ezagutu genituen, detailerik detaile. Niretzat itzela izan zen. Baten batek esango du:  'Tristea behar du hara bueltatzeak!', baina atea zabalik utziz gero ez dago tristurarik! Ilusio itzela egin zidan eta niretzat une emozionantea izan zen", gogoratu du Amurizak.

Kartzelako egonaldiak
Zamorako kartzela handiko hegal bat preso probintzialei bideratuta zegoen 60ko hamarkadan. 1968an kartzela hartan zeuden presoak handik atera, eta abadeentzako kartzela lez erabiltzea erabaki zuten. Kartzela konkordatorioa zen, hau da, Vatikanoaren eta frankismoko gobernuaren arteko akordioaren barruan sortutakoa.

Xabier Amuriza aldi bitan egon zen kartzela hartan. Lehenengoa 1968an izan zen, kartzela zabaldu zuten urtean. Guardia Zibilak Xabi Etxebarrieta ETAko kidea hil zuenean, publikoki ezin zenez ezer egin hori salatzeko, mezak antolatzea zen modu bakarra traba hori ekiditeko, elizak ezin zuelako ukatu arima baten aldeko meza. Etxebarrietaren aldeko meza bat Durangon izan zen. Ez zuen Amurizak eman, baina batu egin zen ekitaldira. "Jendetza izugarria zegoen eta Andra Mari ingurura ere ezin izan nintzen heldu", gogoratu du. Baina baten batek han zegoela ikusi, salatu, eta 30.000 pezetako isuna ipini zioten. Ordaindu ezik, kartzelaldia zen zigorra, egun bat 1.000 pezetako. Hilabete eman zuen Zamorako kartzelan. Han bertan preso egon zen bigarren aldia luzeagoa izan zen. 1969an, bost abadek itxialdi eta gose greba sonatua egin zuten Bilboko Gotzaindegian, eta latz ordaindu zuten. Amurizak sei urte eta erdi eman zituen kartzelan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!