Zer da erlatibismoa?
Erlatibismoa auzi filosofiko bat da lehenik eta behin: gauza guztiak erlazioan neurtzen direlako posizioa. Hau da, balio, interpretazio, sentimendu, ekintza… batek bere baitan ez duela balio edo neurririk beste zerbaitegaz neurtzen ez bada, eta hor, gainera, hizkuntzak jokatzen duela mediazio edo posibilitatzaile lana munduaren eta gure artean. Aurrekoak problema filosofiko eta praktiko bat dakar: erlatibismoa absolutu guztiak erlatiboak direlako posizioa bada, guztia da eztabaidagarria. Horrek ziurtasun gosez bizi den gizakiari ziurgabetasun mingarriak ekartzen dizkio. Bestalde, zerbait erlatiboa delako ustea askotan balio gutxikoagoa izateagaz nahasten da, edo asmakizun hutsa izateagaz. Ez da horrela: esan gura du munduarekiko dugun ikuspegi politikoa, etikoa eta abar erabaki eta uste erlatibo askoren erlauntza baten gainean eraikita daudela.
Zergatik heldu diozu gai honi?
Unibertsitatean filosofia ikastera sartu nintzenean, banuen intuizio bat gure eztabaida moral, politiko eta filosofiko guztien atzean erlatibismoaren auzia zegoela. Urteak aurrera joan ahala, intuizio horrek indarra hartu du. Zein da auzi hori? Demagun, maila etiko eta politikoan, giza eskubideak lortzeko askotan biolentzia erabili beharra dagoela defendatzen dudala, eta beste batek, ostera, edozein kasu eta testuingurutan biolentzia txarto dagoela. Zer gertatzen da? Oinarrizko desadostasun horretan ez dagoela irizpide ziurrik horri gizaki eta gizarte lez erantzuteko; Hau da, erantzuna eraiki egin behar dela, eta hor faktore asko sartzen dira jokoan. Hau esateak errazkeria dirudi, baina gizarte moduan aurrekoak suposatzen duen erronka etiko eta politikoari aurre egitea zaila da, azkenean, jokoan egoten direlako askoren proiektu bital eta politiko kontrajarriak. Auzi horien atzean posizio absoluturik ez dagoela onartzeak gure elkarbizitza oinarritzen duten oinarri moral, politiko eta abarrak erlatiboak direla onartzea esan gura du. Gizakiak oraindino ez du ikasi halako lurzoru labainkorren gainean elkar-bizitzen, eta gurago izaten du lurzoru finko bat eraiki eta absolutua eztabaidaezina balitz lez defendatu, horretarako erlauntza linguistiko, historiko, legal, kultural eta etiko bat propioki sortuz. Erlatibismoa beti agertzen da erlauntza horien arrakalak bilatzen eta handitzen, ordura arteko mundua ikusteko era hori posible ez den bakarra dela aldarrikatzen duelako; begiratu orain Espainiaren batasunaren auziari, esaterako.
Erlatibismoa gaur egungo panorama edo errealitate sozialean aplikatuta, zer ondorio atera daiteke?
Hego Euskal Herrian bizi garen estatuaren oinarri dogmatikoa aurrekoagaz lotuta dago. Gure gainetik dagoen legalitatea, espainiar konstituzioa, dogma baten gainean oinarritua dago, espainiar batasun santua. Zergatik? Hargatik; kontsentsu sozialean oinarritua balego, eta hori oso erlatiboa da, ziur aski ez lukeelako askorik iraungo. Hortaz, Espainiak ez du onartzen hor inongo erlatibotasunik, eta, beraz, bere elkarbizitzaren oinarria dogma zirkular batean oinarritzen du. Horrela, Espainiar estatuaren oinarria ez da laikoa, erlijiosoa baino. Eztabaida guztiak oinarri dogmatiko bat duen legalitatean konprimitzen ditu; besteok gure proiektuen erlatibotasuna aldarrikatzen dugun bitartean.
Erabakitzeko eskubidea, eskubide hori nork duen… Gure Eskutik makina bat bider esan dute gai horri buruzko ikuspegi berria egosten dabilela Europan. Horrela ikusten duzu?
Oso adibide aproposa da. Aurreko paradigman autodeterminazio eskubideak legalki zedarritzen zuen nazio batek eskubide hori izateko baldintzak, kolonia bat izatea, zapaldua izatea. Egun, erabakitze eskubidearen teoria are erradikalagoa da, aurrekoaz gainera ia baldintza demokratikoago bakarra ipintzen duelako mahai gainean: komunitate batek aske izateko nahia demokratikoki era kohesionatuan agertzea. Beraz, bai, pragmatikoagoa, erlatiboagoa da egungo ikuspegia. Nork du eskubidea? Zergatik Euskal Herriak, eta ez Arabak edo Barakaldok? Eztabaida tranpatia da: eskubide hori aldarrikatu eta koherenteki materializatzeko prest agertzen den komunitatea da eskubide horren subjektu, eta hala behar du. Aurreko horrek ondorio sinplea dakar: Euskal Herriak eskubidea aldarrikatu baino gehiago (hori ere bai), eskubidea materializatzeko baldintza sozial, politiko eta instituzionalak eraiki behar ditu.
Gaur egun puri-purian dago erlatibismoa, baina honen ondoren zer?
Krisiak ziklikoak dira. Krisietatik ateratzen dena uneko aktore politiko eta sozialen indar korrelazioen araberako ordena moral eta kultural berri naturalizatu bat izaten da. Horrek ez du zertan negatiboa izan, absolutu horiek oinarri erlatiboen gainean eraikita daudela onartuko bagenu. Erlatibismoaren bertute bat baita kritikotasuna zabaltzen duela. Horixe izan da nire lanaren helburu bat: erakustea orain arte arrazionaltasunaren mugak ulertu diren modu hertsia baino zabalagoak direla.