Eguazteneko bilkuran Orlan Isoird alkateak esan zuenez, zerbitzua "txiki" gelditu da. Orain arte, langileek mozketa bi egiten zituzten urtean, eta dagoeneko hiru-lau mozketa egitera pasatu behar izan dira, besteak beste. Hori horrela, lanaldi osorako langile bat eta errefortzurako beste bat kontratatzea erabaki dute. "EH Bilduk emakumeen esku-hartzea bermatu behar zela proposatu zuen, eta lanaldi osoko langilea emakumea izan beharko litzatekeela. Gobernu taldekook begi onez ikusi genuen, eta errefortzuko langilea ere emakumea izatea proposatzen dugu", esan zuen Isoirdek.
Bestalde, langileak kontratatuta zerbitzua hobetzea itxaroten dutela eta beste arlo guztietan ere emakumearen presentzia bermatu beharko litzatekeela esan zuen Josu Albizuri EH Bilduren bozeramaileak.
Lorezaintzarako makineria berria eta auto elektriko bat ere erosiko dituztela esan zuten.