Oka eta Zengotita auzoak lotzen dituen bidea oinezkoentzat eta txirrindularientzat egokituko dute

Maialen Zuazubiskar 2019ko aza. 19a, 09:07

90eko hamarkadatik hona, oso jende gutxik erabiltzen du Oka  (Berriz) eta Zengotita (Mallabia) auzoak lotzen dituen BI-3340 errepidea. Garai horretara arte, autoen joan-etorri handia zegoen errepide horretan, baina BI-633 errepidea egin zutenetik, auzotarrek baino ez dute erabiltzen.

Orain arte Bizkaiko Foru Aldundiarena zen errepidea, baina azken osoko bilkuran Berrizko Udalak jakitera eman zuen Berrizko eta Mallabiko udalena izango dela. "Auzo biak lotzen dituen errepide zatia udal bioi uztea erabaki du Bizkaiko Foru Aldundiak", jakinarazi zuen Orlan Isoird Berrizko alkateak. Bertan azaldu zuenez, hiru erakundeen arteko hitzarmena sinatutakoan, udalerri biena izango da bidea.

Bestalde, Aldundiak bide horretarako aurreproiektu bat eginda duela azaldu zuen alkateak osoko bilkuran, eta aurreproiektuaren arabera udalei 392.000 euro emateko konpromisoa hartu duela Aldundiak, bidea konpondu dezaten.   "Hori horrela, bidearen zatirik handiena Berrizena denez, laguntza horren %76 guk jasoko genuke, eta gainerako %24a Mallabiko Udalak", esan zuen Isoirdek.

Hala ere, laguntasun hori jasoko duten arren, dena ezingo dela bertatik ordaindu eta Berrizko Udalak gainetik 30.000 euro ipini beharko dituela azaldu zuen alkateak.

Oinezkoak eta txirrindulariak
Berrizko eta Mallabiko udalek elkarlanean konponduko duten errepide zatian, oinezkoek eta txirrindulariek izango dute lehentasuna, eta auto bakar batzuek izango dute bertatik igarotzeko aukera. "Barrera bat egongo da eta bertako giltza auzotarrek baino ez dute izango", esan du alkateak.

Josu Albizuri EH Bilduko bozeramaileak proiektua ez dutela txarto ikusten esan zuen. Hala ere, horretan ia 400.000 euro gastatzea larregi dela uste dutela nabarmendu zuen: "Gure ustez, bide eder bat egin zitekeen askoz ere diru gutxiagogaz. Hala ere, ez gaude urteetan itxita egon den bide bat berritzearen kontra".

David Jimeno Berrizen Podemoseko kidearen ustez, bide hori konpontzea eta gune horri auzotarren laguntzagaz bizia ematea garrantzitsua da. "Horregatik proiektu honetan parte hartu nahi dugu, eta berriztarrek ere horretarako aukera izatea nahi dugu", bukatu zuen Jimenok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!