Berrizko futbol taldea osatu zuten emakumeak eguaztenero entrenatzen hasi dira berriro

Joseba Derteano 2019ko aza. 11a, 10:00

Berriz futbol klubak emakumeen taldea berreskuratu gura du, eta abiapuntu interesgarria aurkitu dute aurten gaia gizarteratzeko: 20 urte bete dira orduko emakumeen taldeak Bizkaiko liga irabazi zuenetik. Urteurrenaren harira, urri hasieran Berrizko taldean ibilitako hainbat futbolari batu ziren Berrizburun, eta, talde bitan banatuta, elkarren kontrako partidua jokatu zuten. "Gaia herrian gizarteratzea zen helburua. Sasoi batean, Berrizen emakumeen taldea izan zela eta zuzendaritzak hori berreskuratzeko gogoa duela adierazteko moduan izan zen", azaldu du Ainara Arratibel zuzendaritza kideak eta futbol taldeko jokalari ohiak.

Bizipen atsegina izan zen jokalarientzat, eta jarraipena ematea pentsatu zuten. Orain, eguaztenero elkartzen dira Berrizburun entrenatzeko. "Ahal dugunok batzen gara; batzuetan hamabi, eta besteetan zortzi. Orain arte ez nituen denak ezagutzen, batzuk nire ostean ibili zirelako. Talde polita osatzen dugula esango nuke", adierazi du Arratibelek. Gabon inguruan lagunarteko partidu bat antolatzeko asmoa dute.

Harrobia eta ikasgela
Emakumeen taldea sortu ez ezik, egon diren zuzendaritzek ahalegin berezia egin dute azken urteetan harrobia indartzeko. Gurasoen elkarteagaz elkarlanean, eskola kiroleko umeak Berrizburun elkartzen dira orain, eta umetatik arnasten dute klubeko giroa. Hala dabiltza harrobia sendotzen. Asteko egun batzuetan Berrizburun haur asko elkartzen direnez, ikasteko gela bat zabaldu zuten iazko denboraldian. Gelan, mahaiak, aulkiak eta ordenagailu bat ipini zituzten. Horrela, gura izanez gero, etxeko lanak egiteko aukera dute haurrek.

Euskara sustatzea da zuzendaritzaren beste lehentasunetariko bat. Esaterako, klubeko ohar denak euskaraz bidaltzen dituzte lehenengo.

Azkenik, gurasoen laguntza eskertu dute, askotariko ekintzak aurrera eramaten

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!