Berrizko Ziklo-krosa lehiatuko dute domekan, Berrizburun prestatu duten zirkuituan

Joseba Derteano 2019ko aza. 1a, 10:40

Domekan, Berriz Bizikletari Elkarteak antolatzen duen Ziklo-kros Sari Nagusiak 10. aldia egingo du. Mailaz maila, 300 bat parte-hartzaile batuko dira Berrizburu inguruan prestatu duten zirkuituan.

Aurtengo nobedade nagusia da umeek ere ziklo-krosean parte hartzeko aukera izango dutela. Eurei egokitutako zirkuitu bat atonduko dute Berrizburun, eta 2006tik aurrera jaiotako umeak hantxe ibiliko dira. "Azken urte bietan buruan izan dugun zerbait da. Berrizen umeek badute zaletasuna eta sarritan master mailetan parte hartzen dutenak seme-alabekin etortzen dira. Ziklo-krosarekin gozatzeko aukera eskaini gura diegu", adierazi du Roberto Gomez Berriz Bizikletari Elkarteko kideak. Umeen probak 12:50ean hasiko dira eta izen-ematea egunean bertan egin daiteke.

Lasterketak mailaz maila
Master mailako lasterketekin hasiko dute eguna, 10:00etan, 11:00etan, kadeteen txanda izango da. Hauen ostean, 11:50ean, neska-mutil juniorrak eta elite mailako emakumeak lehiatuko dira Berrizburun. Azkenik, 13:10ean, 23 urtez azpiko eta elite mailako gizonen lasterketa hasiko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!