Ondo irten zen, jendeak gogotsu amaitu zuen, eta, hortik abiatuta, kontzertu gehiago antolatzen hasi ginen", gaineratu du. Ordutik, taldea egonkortzea lortu dute eta hamaika kontzertu antolatu dituzte. Egun, 22tik 40 urtera bitarteko dozena bat lagunek osatzen dute BHCK, eta gehiengoa berriztarra izan arren, Zaldibarko eta Durangoko taldekideak ere badituzte.
Aritu eta aritu, elkartea ezagunago egitea eta inguruetan ere saretxoa egitea lortu dute. "Hardcoreak gauza on bat badu, eta hori taldeen arteko hartu-eman sarea da. Musikarien eta zaleen arteko hartu-emana estua da. Egiten diren hartu-emanetatik sortzen da hori. Jotzeaz gainera, antolatu ere egin behar dira kontzertuak, bestela, nola mantenduko da eszena? Horrek ematen dio bizitza", dio Basetak.
30 minutuko muturrekoak
Kontzertuei dagokienez, iazko formatua mantenduko dute: kontzertuak 18:00etan hasiko dira, eta festa gauerdiaren aurretik amaituko da. BHCKko kideentzat erronka bat izango da jaia antolatzea. "Zazpi taldeko festibala egitea lan handia da gurea lako elkarte batentzat, baina polita izango da. Zapatuan ikusiko ditugun asko lagunak dira, eta itzela izango da eurekin oholtza gainean jotzea zein azpian dantzan elkartzea", esan dute.
Hardcore doinuen adar desberdinak egongo dira ikusgai zapatuan Hiltegixen: Norkzer?! eta Revert taldeek punka eta abiadura daramatzate zainetan. Bestalde, Cuero taldea Oi! doinuetara hurbiltzen da gehiago. No Regret gasteiztarrek Eres polvo lan berria aurkeztuko dute, eta Arma X Madriltik datorren boskote gazte bat da. Stronger Together eta Unfix taldeak arituko dira Durangaldeko ordezkari lez. Bigarrenen kasuan, euren lehenengo kontzertua izango da.