“Euskaraz pentsatzeak asko lagundu dit japoniera ikasteko”

Aitziber Basauri 2019ko urr. 20a, 10:30

Maleta egin eta Tokiora (Japonia) joan zen Gorka Gerediaga, orain zazpi urte, bizimodua aldatu eta zorte bila. Europako iparraldeko herrialderen batera joatea pentsatuta zuen berriztarrak, han lan egiteko asmoz. Baina Tokioren alde egin zuen, hango lagunek animatuta. Aurretik ere Japonian birritan egondakoa zen Gerediaga, oporretan joanda. Euskal Herrira urtero etortzen saiatzen da.

Zelan moldatzen da berriztar bat munduko hiririk handienean?
Aldaketa handia da, asko dira desberdintasunak, baina nahiko ondo moldatu naiz. Dena dela, ez da berdina hemen lagunak edukita etortzea edo inor ere ezagutu barik. Hemen astean zehar lagunekin elkartzea oso arraroa da.

Zerk deitu dizu atentziorik gehien?
Lasaitasunak. Tokio horren handia bada ere, ez da batere zaratatsua. Kalean, trenean zein metroan oso lasai ibiltzen zara.

Japoniarrek badute antzekotasunik euskaldunokin?
Andrek maneiatzen dituzte etxeko diruak, eta txikiteoa existitzen ez den arren, lana amaitzean askotan joaten dira izakayara. Ez dute espero atzerritarrok japonieraz egitea eta apur bat egiten badiezu harrituta begiratzen dizute. Orain 40-50 urteko Euskal Herriaren traza du.

Handia da kultur arteko talka?
Herri eta hirien arteko talka handiagoa da. Hirietan indibidualagoa da izaera; Tokion nabaria da.

Errugbiak lagunartea sortzeko aukera eman dizu.
Elorrion errugbian jokatzen nuen eta errugbiari eskerrak egin ditut lagunak Tokion. Elorrioko entrenatzaileak Tokyo Gaijin RFC taldean jokatzen zuen elorriar baten kontaktua eman zidan, eta, bigarrenez etorri nintzenean, partidu bat jokatu nuen eurekin.

Zeren falta igartzen duzu Tokion?
Familia eta lagunetatik aparte, noizean behin txuleta eder bat jatearen falta.

Japoniera ikastea ez zen lan erraza izango…
Ez. Batez ere, eskuz idazterako orduan. Egunero praktikatu ezean, ahaztu egiten da kanjia-k idaztea; ordenagailuan oso erraza da. Irakurtzea eta berba egitea nahiko erraza da horren aldean. Euskaragaz antzekotasunak dituenez, euskaraz pentsatzeak asko lagundu dit japoniera ikasterako orduan.

Zelako hiria da Tokio?
Hiri lasaia, aktiboa. Edozein tokitara joan zaitezke trenez, oso ondo komunikatuta dago. Horixe gustatzen zait gehien. Zerbitzurik gehienak 24 orduan daude martxan.

Tradizioa eta modernitatea ondo uztartzen dituen tokia da?
Bai. Punta-puntako hiria izanik, Tokion ikusten da ondoen hori. Kontraste handia iruditu arren, segituan ohitzen zara.

Japoniarrak oso langileak direla diote. Bizitzaren erdigunean dute lana.
Mitorik handiena da hori. Ez dira oso produktiboak, lanera oso goiz sartu eta berandu irten arren. Gero lankideekin edatera joatea lanaren parte kontsideratzen dute gainera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!