“Mari Tereren pontxearen errezeta sekretua udaletxean dago gordeta; ondo gordeta, gainera”

Maialen Zuazubiskar 2019ko urr. 7a, 14:44

Mari Tere Alberdi eta Lazaro Milikua ezagunak dira Berrizen. Baina, urriaren 29tik hona, Euskal Herrian ere ospetsu egin dira 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioari eskerrak.

 

'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan agertu zarete oraintsu. Nolako esperientzia izan da zuentzat?
Lazaro Milikua: Esperientzia polita izan da. Gainera, baten batek agertu behar du horrelako programetan, eta kontu batzuk kontatzeko izanez gero, hobeto izango da. Beraz, oraingoan guri egokitu zaigu.

Polita izan da?
Mari Tere Alberdi: Makina bat bider ibili izan naiz telebistan, eta, bai, 'Herri Txiki, Infernu Handi'-koa ere polita izan da. Baina, batez ere, barregarria izan da. Itzelezko barreak egin nituen grabazio egunean, eta  grabazioa ikusteko saioan ere bai. 
L.M.: Nik ere oso ondo pasatu nuen; barre asko egin nuen. Eskerrak une batzuk ez diren agertzen, e, Maritere? Horiek bai politak! Bakoitzak ordubete inguruko grabazioa egin genuen, baina, azkenean, ezin da dena agertu.

Mari Tere, San Pedro eta Santa Isabel jaietan Berrizko dantzariei pontxea egiten diezula jakitera eman zenuen domekako saioan, baina errezeta sekretua dela. 
M.T.A.: Gaztetan ikasi nuen pontxea egiten. Aitari ikasi nion. Dantzariei pontxea eramaten hasi nintzenean, orain urte asko, jendea galdetzen hasi zitzaidan ea zer zeukan, eta inori ez esatea erabaki nuen. Orduan, jendeak esaten zidan: "Eta hiltten bahaz?" Eta nik erantzun: "Hiltten banok, Lazaroi itxikutxat". Egun baten, Lazarori idatzita pasatzea erabaki nuen. Berak jakingo du errezeta non dagoen.
L.M.: Mari Tereren pontxearen errezeta sekretua udaletxean dago gordetao; ondo gordeta, gainera. Gutun batean sartuta dago, hartu nuen bezala. Inork ez daki nor joango den lehenago mundu honetatik. Beraz, ondo gorde nuen eta ondorengoek hortxe izango dute.

Lazaro, elizan dagoen 1.700 urteko kutxa baten berri ere eman zenuen EITBko saioan.
L.M.: Bai, 1994an eliza konpontzen ibili ginenean, lehenengo giltzariek, alkateak, diruzainak eta idazkariak herriko kontu garrantzitsuak gordetzeko erabiltzen zuten kutxa hau aurkitu genuen. Surtara botatzea zen asmoa, baina Bilboko aditu bategaz hartu-emanetan ipini ginen eta altxorra zela esan zigun. Harrezkero, gordeta dugu. Herrian hainbat altxor galzorian ditugu, tartean eliza osteko labea, eta garrantzitsua da horiek berreskuratzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!