Bizkaiko taldea, Abadiñoko bost pilotarigaz, Bote Luzeko hirugarren txapela lortzen ahaleginduko da Berrizen

Joseba Derteano 2019ko ira. 6a, 11:00

Euskal Herriko Bote Luzea Pilota Txapelketak laugarren aldia hasiko du asteburuan. Azken urte bietako txapelak Bizkaiko taldeak irabazi ditu, eta aurten faboritoen artean dago hirugarrena lortzeko. Bizkaiko taldea 12 pilotarik osatzen dute eta euretako bost abadiñarrak dira: Ander Antxia, Egoitz Amantegi, Aitor Arabiourrutia, Jon Arana eta Asier Aspuru.

Txapelketa Berrizko pilotaleku irekian hasiko da, zapatu honetan. 18:30ean hasita, Bizkaiko taldeak eta Gipuzkoako batek neurtuko dituzte indarrak. Aurten, protagonismo berezia izango du Berrizko pilotalekuak. Izan ere, lehenengoz, hantxe jokatuko da finala, urriaren 19an. Beraz, Bizkaiak etxean lortu dezake modalitate honetako hirugarren txapela. Aurreko biak Laudion eta Oiartzunen jokatutako finaletan eskuratu zituen.

Aurtengo txapelketan sei talde arituko dira. Bizkaikoaz gainera, Gipuzkoako bik eta Ipar Euskal Herriko hiruk (Zuberoa, Lapurdi eta Behe Nafarroa) parte hartuko dute.

Europako txapelketara
Finala jokatu aurretik, euskal pilotariek beste hitzordu garrantzitsu bat izango dute. Urriaren 12tik 13rako asteburuan, Llargues pilota modalitateko Europako txapelketa jokatuko da Italian, eta euskal pilotariek osatutako selekzio batek han parte hartuko du. Llargues eta Bote Luzea pilota modalitateak antzerakoak dira jokatzeko moduari dagokionez, baina lehenengoan pilota txikiagoekin jokatzen da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!