Erabiltzen ez diren produktuei bigarren aukera bat emango diete Berrizko Berriztu azokan, domekan

Maialen Zuazubiskar 2019ko eka. 8a, 11:00

Bigarren eskuko Berriztu azokaren zazpigarren edizioa egingo dute domekan. 11:00etatik 15:00etara bitartean izango da, udaletxeko parkean. 

Andikona Irazabal eta Asier Isasi berriztarrek postua jarriko dute eta herritarrei gonbita egin diete merkatura joateko. "Oso giro polita egoten da, domeka desberdin bat izaten da eta. Gainera, musikaz, arteaz eta beste kontsumo eredu batez gozatzeko aukera paregabea egoten da", adierazi du Andikona Irazabalek. 

Ez da lehenengo aldia Irazabalek eta Isasik Berrizko bigarren eskuko azokan postua jartzen dutena. Irazabalek hiru bider atera ditu bere produktuak kalera, eta Isasik zazpigarren aldia izango du aurtengoa. "Etxean hainbat traste ditugu, eta azoka hau aproposa izaten da gauzak aldatu, saldu eta trukatzeko", esan du Asier Isasik. Gainera, Berriztuk beste kontsumo eredu baten alde egiteko aukera aproposa eskaintzen duela adierazi dute berriztar biek. "Etxean hainbat gauza ditugu erabiltzen ez ditugunak, eta, azoka hauei eskerrak, beste pertsona batzuek erabili ditzakete guk alde batera utzitakoak. Horrek, gainera, zabor gutxiago sortzera eramango gaitu", gaineratu du Irazabalek. 

Berriztu azokan, bigarren eskuko produktuak aurkitzeaz gainera, bertaratzen denak musikaz eta arteaz gozatzeko aukera ere izango du. Aurten, esaterako MR. Sor 2 grafitigilea eta Ainoa Buitrago musikari madrildarra arituko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!