Hauteskundeak

Aldez aurretik jarrita zituzten helburuak ez dituztela bete aitortu dute Berrizko EH Bilduko kideek

Maialen Zuazubiskar 2019ko mai. 29a, 12:32

EAJk gehiengo osoari eutsi dio Berrizen eta EH Bilduk zinegotzi bat galdu du eta Elkarrekin Podemos lehenengoz egongo da Berrizko udalbatzarrean ordezkari batekin. PSE-EEk lehen zeukanari eutsi dio.

Berrizko EH Bilduko kideek hauteskundeen balorazioa egin dute, eta lehenik eta behin, eskerrak eman dizkiete EH Bilduren proiektu politikoa babestu zuten 748 berriztarrei. "Berrizen ere aldaketa posible zela esanaz abiatu genuen kanpaina eta ilusioz aritu ginen joan den maiatzaren 25era arte; gustura gaude eginiko lanarekin eta eskerrik asko modu batera edo bestera zuen laguntza eman diguzuen guzti-guztioi", adierazi dute EH Bilduko kideek.

Bestalde, azken hauteskundeetan aldez aurretik jarrita zituzten helburuak ez dituztela bete aitortu dute koalizio suberanistako kideek. "EAJren gehiengo absolutua gaindituko zuen gobernu aurrerakoi bat osatu nahi genuen, baina erdibidean gelditu gara. Onartzen dugu herritarren aukera eta zorionak helarazten dizkiogu alderdi jeltzaleari, baita udalean lehen aldiz egongo diren Ahal Dugu-ko eta PSE-ko zinegotzi biei ere", jarraitu dute. 

Horrez gain, Berrizko Udala "beste modu batean kudeatzea posible" dela eta balore horiek oposiziotik defendatzen jarraituko dutela esan dute EH Bilduko kideek. Eta, azken lau urteetan argitu ezin izan dituzten auzientzako, "udala zorpetuta duen 1,8 miloiko isuna", esaterako, konponbideak eskatzen jarraituko dutela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!