“Haize berria behar du Gure Izarrakek, lan egiteko gogoz dauden gazteena ”

Maialen Zuazubiskar 2019ko mai. 18a, 10:00

Herriko emakumeen bizi-kalitatea hobetu eta hauen parte-hartzea sustatzeko asmoz, 1994an Gure Izarrak elkartea sortu zuten Berrizen. Asteburu honetan elkartearen 25. urteurrena ospatuko dute. 

Gure Izarrak elkartearen 25. urteurren jaia ospatuko duzue. Zer antolatu duzue astebururako?
Caridad Molina: Erakusketa txiki bat jarri dugu, 25 urte hauetan ze lan egin dugun ikusi dezaten herritarrek. Bestalde, gaur poteo txiki bat eta bazkari herrikoia egingo ditugu. Gero, Maribel Salasen bakarrizketa egongo da Kultur Etxean. 
Marije Gezala: Urteurren jaia urtero ospatzen dugu, baina aurtengoa berezia izatea gura dugu. Horregatik, denei dei egiten diegu parte hartzeko: bazkideei, tailerretako irakasleei, herritarrei...  

Nolako elkartea da Gure Izarrak?
M.G.: Elkarte zabala da, urte osoan zehar herritar guztientzat hainbat tailer egiten dituena, eta herrian antolatzen diren ekimenetan parte hartzen duena. Egun 150 bazkide garen arren, urte osoan zehar askoz ere jende gehiagok parte hartzen du gugaz ekintzetan.
Ana Mari Guiribitain.: Azken finean, herritar guztientzat zabalik dagoen elkarte zabala da gurea.
C.M.: Herritarrak kalera irten eta hartu-emanak sortzeko toki aproposa da Gure Izarrak. 

Zein da elkartearen helburua?
Gema Oiarzabal: Elkartearen helburu nagusia herriko emakumeak batzea eta elkar laguntzea da. 
C.M.: Gure asmoa elkarregaz egotea da, momentu on bat pasatzea. Familia bat gara. Sortu genuenetik, emakumeak batzeko gunea da. Sasoi hartan bazeuden emakumeak kalera irteten ez zirenak, eta Gure Izarraki esker zenbait ekintzatan parte hartzen hasi zirenak. Beste batzuk ezkutuan etortzen ziren; ez zuten gura senarrek bertan zeudela jakiterik. 

Elkarteko sortzaileetako batzuk zarete. Nola bururatu zitzaizuen elkartea sortzea?
C.M.: Udalak bultzatutako ekimen bat izan zen. Orain 26 urte gobernuan zeudenek tailer batzuk antolatu zituzten herriko emakumeak batzeko. Ikastaroetara etortzen zen teknikariak, Ikernek, emakumeak batzeko elkarte bat sortu behar genuela esaten zigun. Begiak zabaldu zizkigun, eta burua berotu  elkartea sortzeko. Izugarri lagundu zigun, gainera. 

Nolakoak izan ziren hasierako urte haiek?
C.M.: Hasiera nahiko gogorra izan zen, lehenengotan emakume gutxi geunden eta. Baina, apurka-apurka, hazten joan ginen eta orain 150 bazkide gara. Hasierako urteetan neure etxea zen elkartearen egoitza, eta kafea hartzeko batzen ginen, besteak beste. Orain, ostera, Berrizko anbulatorio zaharrean daukagu egoitza, eta urte guztian zehar hainbat ikastaro eskaintzen dizkiegu berriztarrei. 

Nolako etorkizuna ikusten diozue Gure Izarrak elkarteari? 
M.G.:
Esango nuke ikastaroek duten arrakastari esker egin duela aurrera elkarteak, bestelako ekintzetan betikoak egoten gara eta. Hala ere, Gure Izarrakek etorkizun oparoa duela ezin daiteke zalantzan jarri. 
C.M.: 25 urte bete ditu elkarteak eta badu etorkizuna, baina bultzada bat behar dugula uste dut. Haize berria behar du Gure Izarrakek, lan egiteko gogoz dauden gazteena.
A. G.: Gure Izarrakek herrian eskaintzen dituen hainbat gauza ez ditu beste elkarte batek eskaintzen. Beraz, ikastaroak antolatzen ditugun bitartean, eta herritarren eskaria daukagun heinean, argi dugu elkarteak aurrera jarraituko duela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!