Iker Galarza: "Berrizen hainbat bider egon naiz aktore moduan, eta beti ondo tratatu naute"

Aritz Maldonado 2019ko mai. 16a, 13:30

Gure Zirkuaren bigarren denboraldia Oiartzunen (Gipuzkoa) arrakastaz estreinatu ostean, Berrizen egingo du bigarren geldialdia. Astelehenean heldu zen konboia, Berrizburu aurreko aparkalekuan karpa altxatzeko asmoagaz. Bertan egongo dira maiatzaren 26ra arte. 

Zirkuaren magia dakar proiektuak beragaz, malabareekin, pailazoekin eta akrobatekin. Gogotsu datoz gainera, Oiartzunen eskainitako hamaika emanaldietako sarrera guztiak saldu ostean; guztira, 2.750 lagun bildu dituzte egunotan. "Zalantzak eta kezkak genituen bigarren denboraldi honetarako, ea berrikuntzek-eta funtzionatuko zuten, baina baietz ikusi dugu", azaldu du Iker Galartza aktoreak. Poxpolo pailazoa da bera zirkuan.  Sei hilabete iraungo duen bira dute aurretik. "Lehenengoan baino bi hile gehiago egingo ditugu errepidean. Guretzat ere erronka bat da".

Bigarren denboraldi honetako erronkarik handiena iaz zirku ikuskizuna ikusi barik geratu ziren ikusleengana heltzea da. Horrez gainera, zirkua Berrizen eskaintzeak badu bere azalpena. "Hainbat bider egon naiz bertan aktore lez, eta oso ondo tratatu naute beti". Horrez gainera, Lea Artibaiko jendea joatea erraztuko du karpa Berrizen egoteak. "Aurreko denboraldian egon ezin izan ginen lekuak lehenetsi ditugu; adibidez, Durangaldean, Ipar Euskal Herrian eta Araban egongo gara, lehenengoz".

Galartzak txikitatik eduki du afiziotzat zirkua. Hainbat urtez izan du proiektua buruan, eta iaz lortu zuen gauzatzea. Une honetan, hamabi kideko lantaldea osatzen dute. "Talde egonkorra sortu dugu eta horrek asko errazten ditu gauzak. Orain, lasaiago irteten gara emanaldietara, eta saioak hobetzeko aukera ere izan dugu", azaldu du Galartzak. Poxpoloz gainera, Koldo Arakistain eta Irati Gonzalez akrobatek, Asier Kidam magoak, Ekain Ibarguren malabaristak, Garazi Pascual ekilibristak, Iraitz Lizarraga trapezistak eta Helene Galartza eta Ane Miren Garcia kontortsionistek osatzen dute zirkua. Joseba Usabiagak Don Martin aurkezlearena egiten du. 

Aproposa gazteentzat
Aurreiritziak utzi eta zirkura joateko gonbidapena egin du Galartzak: "Iluntze aldera egiten dugun saioa oso aproposa da gazte eta helduentzat, zerbeza bat eta krispetak hartuta ikuskizunaz gozatzeko". Beste edozein kultur ekitaldi legez hartzeko gomendioa egin du.

Gure Zirkuak dituen ezaugarrien artean, hainbat nabarmendu ditu Galartzak; tartean, "hurbiltasuna". "Umeei oso deigarria egiten zaie trapezista beraiengandik lau metrora edukitzea, normala den moduan", nabarmendu du Galartzak. Zuzeneko musika ere azpimarratu du; izan ere, Gure Zirkua familian musikari bi ere badaude: Ibon Mendibil eta Unai Zabaleta. "Artistak dira. Hainbat instrumentu jotzen dituzte eta sekulako ekarpena egiten dute", esan du. Besteak beste, Mikel Laboaren doinuak ere jotzen dituzte ikuskizunean, giro berezia sortuz. "Zirku klasikoa da, baina euskal kutsu hori ere badu", gaineratu du.

Hamaika emanaldi
Maiatzaren 17tik 26ra bitartean hamaika emanaldi eskainiko ditu Gure Zirkuak Berrizen. Sarrerak www.eventbrite.com atarian eta zirkuko txarteldegian erosi daitezke.

Maiatzaren 17an, barikuan, 18:00etan eta 20:30ean

Maiatzaren 18an, zapatuan, 17:00etan eta 19:30ean

Maiatzaren 19an, domekan, 17:00ean eta 19:30ean

Maiatzaren 24an, barikuan, 18:00etan eta 20:30ean

Maiatzaren 25ean, zapatuan, 17:00etan eta 19:30ean

Maiatzaren 26an, domekan, 12:00etan

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!