405.000 euroko kreditu aldaketak polemika piztu du Berrizen

Maialen Zuazubiskar 2019ko mai. 6a, 09:40

Joan zen astelehenan egindako osoko bilkuran, gobernu taldeak kreditu aldaketa biren berri eman zuen. Alde batetik, 2019ko aurrekontuan 214.700 euro txertatu zituzten, eta bestetik, 191.225 euro. 

Aldaketa bi hauen bitartez, datozen aste eta hilabeteetan hainbat proiektu gauzatzea proposatu zuen EAJ alderdiak. Besteak beste, Matzagabarrena eta Abeletxeko argiteria hobetuko dute, Dukiena inguruko auzobidea konponduko dute eta ETSgaz hitzarmena lotuko dute Arkaraz kale ingurua berrurbanizatzeko. 

EH Bilduko kideak, ostera, kritiko agertu ziren kreditu aldaketekin. "Orain hau diru publikoagaz egitea kanpaina egitea da", adierazi zuen Karmen Amezua EH Bilduko bozeramaileak. Gainera, "porlanean inbertitzeko", kooperaziotik, udalekuetatik zein menpekotasunetik "kendu" dela esan zuen alderdi abertzaleko kideak. 

2011ko apirilean EAJren eta Bilduren botoei esker 900.000 euro txertatu zirela argudiatu zion Orlan Isoird alkateak Amezuari. Garai hartan aldaketa egitea denen erabakia izan zela erantzun zion Amezuak, eta oraingoa "inposaketa" izan dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!