“Pertsonaia ahalik eta modurik humanoenean ekarri gura nuen eta, aldi berean, animalienean”

Aritz Maldonado 2019ko api. 26a, 09:19
Argazkia: Lehior Elorriaga

2017an irabazitako Igartza Sariaren laguntzagaz kaleratu du lehen nobela Miren Amuriza Plazak (Berriz, 1990). Sabina izeneko emakumea du protagonista liburuak.

Nor da Sabina?
Liburuaren abiapuntua da. 80 bat urteko andrea, baserriko andrea. Izenburuaren bila nenbilenean, basandrea jarri nezakeela pentsatu nuen, edo antzerako zerbait, baina bereizketa hori egin gura nuen. Sabina andre basa bat da, ez basandre bat. Horrela jarriz gero, baserriari eta lurrari lotuta dagoen matriarka baten figura idealizatzeko arriskua ikusten nuen, baita kutsu mitologiko eta jainkotiar bat emateko ere Euskal Herriko emakume baserritarrari. Neure burua ezagututa, arrisku handia ikusten nuen horretarako, eta nire helburua kontrakoa egitea zen. Ahalik eta modurik gordinenean ekarri gura nuen pertsonaia, modurik humanoenean, eta, aldi berean, animalienean. Andre basa bat da Sabina.

Eta zer da basa, beraz?
Liburuaren sarreran bertan adiera biak azaltzen ditut, uste dudalako garrantzitsua dela irakurlea bera kokatzeko. Adiera biak ez dira, beharbada, hainbeste entzundakoak. Hemen inguruan, lokatzari deitzen diogu basa. Lokatza hainbat bider agertzen da istorioan zehar; baserrian izatera, batzuetan zikin dago, eta istorioa bera ere lokaztuta dago. Bestalde, basak izen moduan dituen adiera ugariak agertzen dira; domestikatu bakoa, animalientzat zein landareentzat basoan naturalki hazten dena... Izenburua pertsonaiaren izaeragaz lotzen dut, eta baita liburuan dagoen giroagaz ere. Sarreran hiztegiko definizioa jartzeak lotura du horregaz. Izan ere, irakurlea istoriora heltzen denerako, pertsonaiek bagaje bat dute, eta tentsio maila nahiko altu dago euren artean. Orduan, kokatze moduko bat da hori.

Zein da egoera hori?
Sabina baserrian bizi da, eta ezinduta eta ohean dagoen koinatu bat du bere kargu. Konflikto bi agertzen dira hor. Alde batetik, Sabina zaintzailea dago, eta bere koinatuagaz dituen gatazkak. Zaintzailearen rola aldatu egiten du, bere burua ahalduntzeko: 'Ni zure ordutegien menpe nago, baina zu, ni gabe ez zara ezer, hor ustelduko zara', dio. Botere bilakatzen du zaintza hori.
Beste alde batetik, eta tramaren hasiera hor dago, Sabinari txikikeria bat dela-eta operazio bat egin behar diote, eta, bat-batean, bere seme-alabek zaindu egin gurako dute. Hor dator bigarren talka. Eta hor zaintzaren ikuspegi ezberdin bi ere ikusten dira. Telefonoz deitzea, bisitan joatea edo laguntza eskaintzea, funtsean seme-alabentzat ama zaintzea dena kontrola bilakatzen da Sabinarentzat. Horixe da abiapuntua. Konflikto bi ditu, zaintzaile modura eta zaindutako pertsona modura.

Txapelketan feedback-a momentuan jasotzen duzu; liburuagaz, ostera, tantaka dator”

Zerk eraman zaitu istorio hori kontatzera?
Zaintzarena oso gai aktuala da, zorionez, baina ez nuen zaintzari buruzko nobela bat idatzi gura gaia modan dagoelako. Pertsonaiak eta egoerak berak eraman naute horra. Zergatik? Ni ez naiz baserritarra, ezta gutxiago ere, baina baserri auzokoa bai. Aita eta ama, biak dira baserritik etorritakoak, nire amama biak baserriko andrak izan dira, eta ume-umetatik hainbat irudi oso presente eduki ditut, bere momentuan hor geratu zaizkidanak eta gerora agertu zaizkidanak: bai lehen eta bai orain, gure auzoan, etxean, etartean, bildotsak narrututa ikusi ditut gantxotik eskegita, odola dariola eta begiak irten-irtenda. Pa pa pa odol tantak egunkari gainera jausten, usaina... bildots horiek buruan grabatuta gelditu zitzaizkidan. Aitak izeko bat zuen, senargabea, Etxanoko baserri batean bakar-bakarrik bizi zena, eta gogoan dut umetan hura bisitatzera joan, eta eskailera buruan aker baten burezurra zegoela. Edo zenbat bider ikusi ote dudan amama txakur biren arteko borrokan txakurrak banatzen. Beste edozein ikaratu egingo zen. Amamak eskuan zauri bat egin eta zaurian tirita bat jarri beharrean, txakurrei ematen zien miazkatzeko. Horixe da andre basa bat. Nik andre basa batzuk eduki ditut inguruan, eta bakoitzarengandik zati batzuk hartu eta pertsonaia edo ikuskera horretara ekarri ditut. Horrek eraman nau gero bere inguruko gatazka horiek saretzera, eta hor hartu du pisua zaintzak. Baina abiapuntua pertsonaia zen, eta gero etorri da bestea.

Mundu edo ikuskera baten amaieraren lekukotza da?
Titular moduan ondo geratzen da, mundu ikuskera baten azkena iradokitzen ari naizela, eta horrela dio liburuak ere kontrazalean, baina nire aldetik pretentziosoegia litzateke hori horrela egin gura izan dudala esatea, ez delako horrela izan. Nik pertsonaia bat ekarri dut, eta pertsonaia horren testuingurua hori da, eta hori islatzen saiatu naiz. Beharbada, asko ari da berba egiten baserriari buruz, testuingurua horixe delako. Baina ni seguru nago profil horretako beste hainbat kasutan ere basatasun hori konpartituko litzatekeela. Adibidez, 80 urteko emakumezko bat Extremaduratik Berrizera etorri zena, sei seme-alaba hazi dituenak hemen, eta lehen lerroan egon dena beti; testuingurua ezberdina izan arren, basatasun hori konpartituko du ziurrenik. Nik, ostera, ez dut hori bizi izan, ez dut ezagutu. Sabina belaunaldi horren parte den heinean, angustia edo antsietate hori eduki edo adieraziko ditu [munduaren ikuskeraren amaierarena], baina zeharka dator hori, helburua ez zelako hori adieraztea.

Eleberri hau idaztea lan nekeza izan da, beharbada, nire izaeragatik, oso estu hartzen dut guztia”

Idaztea bera 'apaltasun lezio' modura definitu zenuen liburuaren aurkezpenean. Zelako prozesua izan da?
Ez dut esango erraza izan denik. Uste nuen banekiela idazten. Zutabeak idazten nituen, neure buruarentzat idatzi izan dut, ipuinak idatzi izan ditut... Nobela batean egin beharrekoa antzerakoa zela uste nuen, baina luzeago, eta ez da horrela, inondik ere. Ikasketa prozesua izan da, nik ez dut topatu inon 'nola idatzi nobela bat', eta, beraz, norberak sortu behar du bere gidaliburua. Topikotzar bat da, baina eginez, deseginez eta zure akatsetatik ikasiz egin behar da bide hori. Niretzat nekeza izan da, nire izaeragatik beharbada, oso estu hartzen dudalako dena. Argi nuen testua ahalik eta soilena izan behar zela, eta papereratzen nuena ahalik eta zehatzena izan behar zela. Hor, alde batetik, estutu egin dut neure burua. Bestela ere, bakardaderako joera dut, eta honetan are gehiago igarri dut. Idazten hasi nintzenetik lehen zirriborroa lagunei pasatu nien arte, hilabete dezente pasatu ziren. Eta horrela oso gaitza da perspektiba hartzea. Hurrengorako ikasi dut hori, hurbilketa-urrunketa ariketa hori. Hau frontenisean bakarrik jokatzea bezalakoa dela esaten nien lagunei, onerako eta txarrerako. Dena zugana dator bueltan beti. Eskerrak zortea dudala eta ekipoa izan dudala inguruan.

Jende askogaz partekatu dituzu zirriborroak?
Elkarreko editoreaz gainera, Uxue Alberdik eta Danele Sarriugartek asko lagundu didate, eta Oihana Bartrak eta Alaia Martinek ere bai.Idoia Barcelok ere asko lagundu dit. Behin testua osorik idatzi ostean, feedback eraikitzailea ematen eduki ditut, eta asko eskertu dut, Hor konturatu naiz ze gaitza den idazkuntzaren munduan sartzea. Bertso eskolagaz konparatu dut hori, nik hori ezagutzen dudalako. Bertso eskolan hasieratik daukazu nork eman feedbacka, nork lagundu, eta, kasu honetan, zorte handia izan dut, nire lagun sarea honetan dabilelako eta iritzi pertinente bat nork eman eduki dudalako, baina beste jende askok ez du horrelako zorterik eta aukerarik mundu honetara hurbiltzeko, beharbada.

Behin liburua kaleratuta, pozik geratu zara?
Egia esan, pozik ezin dut esan, oraindik oso urduri nagoelako. Ez dut berriro irakurri eta apenas zabaldu dut liburua. Hau guztia berria da niretzat, eta antzerako esperientziekin baino ezin dut konparatu. Adibidez, bertsolaritza txapelketekin. Txapelketaren aurretik aurrelanketa bat dago, eta abestu eta gero dator feedbacka. Horrelakoetan, momentuan jasotzen duzu, eta hemen ez. Tantaka-tantaka etorriko da. Oraindik lagunen iritzia baino ez dut jaso, eta horiek beti dira atseginak. Baina denetik egongo da. Ez dago guztien gustuko den sormen lanik. Honegaz, berdin. Batzuek gehiago enpatizatuko dute egoeragaz, eta gehiago hurbilduko dira, eta beste batzuk ez. Beste batzuk hizkuntzagatik errazago sartuko dira istorioan.

Hizkuntzaren erregistroan, bertsotik literaturarako jauzia nolakoa egin zaizu?
Batez ere, hizkuntza mailan ditudan gabeziez ohartu naiz. Uste nuen banekiela idazten, eta uste nuen menperatzen nuela euskara, dezente, baina horma handi bat aurkitu dut parez pare. Askotan erdarara jo behar izan dut, gaztelaniara batez ere, euskarazko hitz bat topatzeko. Zergatik? Jarri gura nuena ahalik eta zehatzen jartzen saiatu naizelako. Basa, adibidez. Gaztelaniaz 'salvaje' esan edo 'silvestre' esan, ez du zerikusirik. Euskaraz adiera bi horiek eta gehiago hartzen ditu basak. Beraz, adjektiboekin, hainbat bider pasatu zait hori: zehaztasun maila baten bila joan eta erdaraz berba zehatzagoa eduki. Hor konturatu naiz arazoa ez dela hizkuntza, erabiltzailea baizik, kasu honetan ni. Bertsotan, nik neuk ez dut bat-batean prezisio maila horretara heltzeko gaitasuna, baina paperean idazteko ariketa bestelakoa da, eta ahalegina ere halakoa eskatu dit.

Zaintzaren gaia oso aktuala da, zorionez; baina pertsonaiak eta testuinguruak eraman dute nobela horra”

Baduzu beste nobelarik idazteko asmorik?
Betidanik idatzi izan dut. Beraz,  jarraituko dut, seguru. Konturatu naiz nire zirkustantziak idealak zirela nobela bat idazteko. Oso ondo dago zaintzari buruzko manifestuak eta nobelak idaztea, baina nik ez dut inor nire kargupean, ez seme-alabarik, ez adinekorik, eta ekonomikoki neure burua mantentzeko gai naz. Nire inguruko jendea zailtasun askogaz ikusten dut, bertsotarako, idazteko zein dena delakorako denbora harripetik ateratzen. Zentzu horretan, nik dena eduki dut aldeko, eta, hala ere, nekeza egin zait. Beraz, urte batzuk barru ikusiko dugu. Hala ere, gustatuko litzaidake bizimodua moldatzea, hau egiteko denbora tarte batzuk gordetzeko.

Plazan beharrean, idazle moduan ikusten duzu zeure burua?
Egia esan, pasatu zait burutik, baina oso sentipen ezberdinak sortzen dizkidate bertsoak eta idazteak. Plazakoa barrutik kanporakoa da, eta idaztea kanpotik barrurakoa. Gorputzaldi ezberdinak dira. Arratsaldea idazten pasatu ostean, saio bat edukitzeak txokea sortzen du. Gura? Jakina, baina ez dago nire esku. Plaza arautzen duten arauetako asko ez daude gure esku, eta literaturaren plazan beste horrenbeste izango dela suposatzen dut. Ez dut neure burua idazletzat. Nobela bat idatzi dut, eta, beraz, asko jota, idazle ibilbidearen lehenengo pausoa izan daiteke hau. Beste topikotzar bat da hau, baina batzuek korrika eginez husten dituzte barrenak; nik, ostera, idazten. Egunerokoa da niretzat, zein forma hartuko duen ez dakidan arren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!