Martxo amaierarako, Herritarren Arretarako Zerbitzua izango du Berrizek udaletxean

Maialen Zuazubiskar 2019ko mar. 4a, 09:05

Herritarrei harrera hobea emateko asmoz, Berrizko Udalean Herritarren Arretarako Zerbitzua (HAZ) prestatzen dabiltza. Orland Isoird alkateak jakinarazi duenez, zerbitzu hau martxo amaierarako  martxan egotea da asmoa.

"Herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena emateko, udaletxeko beheko aldean zerbitzu guztia ematea planteatzen dugu. Horretarako, orain arteko harrera gunean hiru bilera gela egingo ditugu", adierazi du alkateak. Lan hauek egiteko, 54.000 euro jarriko dituzte.

EH Bildu, kritiko
Azken bilkuran, EH Bildu kritiko agertu zen HAZ jartzeko erabilitako diruagaz. "Onartezina da kooperaziotik 22.000 euro kentzea. Ez dago ezer egiteko kooperazioan?", galdetu zuen Karmen Amezuak. "Guri galdetu izan bazenigute, hainbat proiektu proposamen ekarriko genituzke", jarraitu zuen EH Bilduko bozeramaileak. Gaineratu dutenez, ez dute HAZ mespretxatzen, baina proiektuaren inguruko nondik norakorik ez zekitela kritikatu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!