Abadiño futbol taldeak 46 jardunaldi daramatza galdu barik eta Maila Gorenera igotzeko hautagai sendoa da

Joseba Derteano 2019ko urt. 25a, 13:00

Hamasei hilabete joan dira Abadiño futbol taldeak azkeneko porrota jasan zuenetik. 2017ko urrian izan zen, Astolan, geroago mailaz igoko zen Astrabudua taldearen aurka. Harrezkero, Lehenengo Erregionalean jokatu dituzten 46 partiduetan, denboraldi bitan banatuta­, jokalariak behin ere ez dira burumakur sartu aldageletara.

Gorka Moreno abadiñarrak orain urte bi taldearen gidaritza hartu zuenean hasi zen bolada ona. Abadiño Maila Gorenetik jaitsi berritan zegoen eta ezkortasuna baikortasun bihurtzen asmatu zuen. Prozesu horretan, jokalarien babes osoa izan duela dio. "Meritua jokalariena da. Euren lanari esker heldu gara gaur egun gauden tokira", goraipatu ditu.

Iaz, denboraldi osoan partidu bakarra galduta, ez ziren mailaz igo, Astrabudua eta Gernika B oraindino hobeto aritu zirelako. Aurten lider amaitu dute lehenengo itzulia, baina orpoz orpo dituzte Baskonia B zein Mungia, eta azken unera arte borroka estua mantenduko dutela dirudi. Ildo horretatik, bidean geratu diren puntuez gogoratu da Moreno. "Zazpi berdinketa daramatzagu. Batzuetan ez dugu asmatu partidu amaieretan, eta akatsak ere egin ditugu. Bigarren itzulira begira hobetu beharreko kontua da", dio. Aurten Abadiño igoko balitz, bere historian bigarrenez jokatuko luke Maila Gorenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!