Hizkuntzen aniztasunaren aldeko kantua izan gura du Tartean antzerki konpainiaren Ghero azkeneko lanak. Euskaltzaindiagaz batera ekoiztu dute obra. Ikuslea 3000. urtera darama obrak, azkeneko euskaldunaren istorioa kontatzeko. Patxo Telleriak idatzi du dramaturgia, eta Jokin Oregik zuzendu. Aktore lanetan, Telleria beraz gainera, Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Iñaki Maruri eta Mikel Martinez aritu dira. Hamaika hizkuntza erabiltzen dira ikuskizunean; euskaraz gainera, gaztelania, frantsesa, katalana, latina eta ingelesa, besteak beste. Eszenografia Ana Garayk egin du, eta Iñaki Salvador pianistak konposatu du musika, antzezlanerako espreski.