Seiurtek kontzertua eskainiko du Kultur Etxean urtarrilaren 19an

Maialen Zuazubiskar 2019ko urt. 18a, 16:30

San Antonio jaietako musika egitarauaren barruan, 2017ko abenduan hamarkada bi bete zituen Seiurte taldeak kontzertua eskainiko du. "Kontzertu polita izango da, leku eta formatuagatik. 360 graduko formatua duen kontzertua da, hau da, jendeak inguratuta joko dugu. Formatu eta giro berezia izango duen kontzertua izango delakoan nago", aitortu du Iokin Elortza Seiurte taldeko kideak.

Etxeko taldea Grises taldeagaz batera arituko da, urtarrilaren 19an, Kultur Etxean, 21:30ean. "Grises oso talde ezaguna da. Gainera, gure lagunak dira eta asko gustatzen zaizkigu. Eurek ere kontzertu polita eskainiko dute", jarraitu du Elortzak. Maiatzaz geroztik, Seiurte taldeko kideek ez dute kontzerturik jo eta gogotsu daude instrumentuak berriro ere astintzeko. "Denboratxoa da ez dugula kontzerturik ematen. Orain arte, material berria sortzen egon gara. Hala ere, aukera hau suertatu zitzaigun eta ezin izan dugu ezetzik esan", esan du musikariak. Gainera, "pilak kargatzeko" aitzakia aproposa dela jakinarazi du.

Kontzertuak Gaztetxean
Hiltegixe Gaztetxeko kideek ere egitarau zabala antolatu dute San Antonio jaien harira. Barikuan, urtarrilaren 18an, bertso eskolak girotuta pintxopotea egongo da eta, horren ostean, Saia Goait, Kuartz eta DJ Amamaren kontzertuak egongo dira. Zapatuan, Kohatu, The Van eta DJ Ainhoa arituko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!