Berrizek Bizkaiko Kros Txapelketa hartuko du domekan

Joseba Derteano 2019ko urt. 17a, 15:08
Emakumeetan Bilbao Atletismo Santutxu taldekoak dira faborito.

Maila denak kontuan hartuta 500 bat parte-hartzaile espero dituzte.

Berriz kros txapelketa garrantzitsuen topagune bihurtu da azken lustroan. Lau urtez Bizkaiko txapelketa hartu du eta behin Euskadikoa. Eskolarteko txapelketa bi ere hartu ditu. Aurten tradizio horri eutsiko diote eta domekan Berrizburuko  zirkuituan erabakiko dira Bizkaiko txapeldunak.

500 bat parte-hartzaile espero dituzte. Mailaz maila, 10:00etatik aurrera irtengo dira korrikalariak. Nagusien txanda eguerdian helduko da: 12:10ean, gizonezko seniorrena eta 13:00etan, emakume seniorrena.

Maila nagusi bietan iazko irabazleak etorriko dira: Walter Becerra eta Natalia Gomez. Gizonetan Dabid Garcia eta Oier Ariznabarreta durangarrak faboritoen artean sartu ditu Miguel Angel Munitxa Bizkaiko Atletismo Federazioko presidenteak. “Dabid Garcia maila handian dabil Zornotzako eta Elgoibarko krosetan erakutsi duen moduan. Oier Ariznabarreta iaz bigarren geratu zen eta aurten ere borrokan ibili daiteke”, adierazi du gaur Berrizko udaletxean egindako aurkezpenean. Emakumeetan Bilbao Atletismo Santutxu taldeko korrilariak nabarmendu ditu eta baita Irene Loizate eta June Arbeo durangarrak ere. Nork bere mailan lan txukuna egin dezakeela uste du.

Lasterketa bi horien aurretik, 11:50ean, proba paralinpikoa hasiko da eta azken urteetan gora egin duen lasterketa dela azpimarratu du Munitxak. “Aurten proba paralinpikoa antolatzen den hirugarren aldia izango da eta, parte-hartzaileek eurek horrela eskatuta, urterik urtera ibilbide luzeagoa izaten dute. Kilometro bateko lasterketarekin hasi ziren, iaz bi kilometro izan zituzten eta aurtengo aldiak hiru kilometro izango ditu”, adierazi du.

URTARRILAK 20, ORDUTEGIA

10:00; Neska kadeteak.
10:20; Mutil kadeteak.
10:45; Neskak, gazteen maila.
11:15; Mutilak, gazteen maila.
11:50; Proba paralinpikoa.
12:10; Gizonen lasterketa: Seniorrak, promesak eta 23 urtez azpikoak
13:00; Emakumeen lasterketa: Seniorrak, promesak eta 23 urtez azpikoak.

Berrizko Udaleko eta Bizkaiko Atletismo Federazioko arduradunak gaurko prentsaurrekoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!