“Abesti bat oso gutxi aldatuta inklusiboagoa izan daiteke eta, abesterakoan, denok eroso sentitu gaitezke”

Anboto 2018ko abe. 7a, 09:22

Euskal kantutegi tradizionaleko abestiak betaurreko moreak jarrita entzuten hasi ziren Berrizko Kantulagun taldeko kideak. Kantatzerakoan, baina, abesti askoren letrekin deseroso sentitzen ziren. Gogoeta egiten hasi zirenean, kutsu matxista zuten letrak uste baino gehiago zirela konturatu ziren. Horrela, euskal kantu tradizionalen artean sei aukeratu eta moldaketak egin dituzte, genero ikuspuntua txertatuz. Eneritz Gorritxategi Lariz (Berriz,1979), Miren Iturriagaetxebarria Etxabe (Berriz, 1966) eta Idoia Barceló Cuñado (Berriz, 1987) proiektuan parte hartu duten 160 herritarretako batzuk dira.

Zelan sortu zen proiektua?
Eneritz Gorritxategi: Hamabostero kantulaguneko taldea batzen gara Berrizen abesti tradizionalak abesteko. Musikariak eta hainbat berriztar elkartzen gara. Batzuetan, 50 bat lagun eta, beste batzuetan, 25 bat. Beti abestu izan ditugun kantuak irakurtzerakoan, denetan gizon eta mutil berbak agertzen direla ikusi genuen. Neu hasi nintzen kantutegi tradizionala boligrafo gorriagaz markatzen. Eta ez dago azpimarratu barik geratu den orririk. Zer edo zer egin behar genuela pentsatu genuen. Orduan, moldaketa zelan egin pentsatzerakoan, zalantzak sortu zitzaizkigun.

Zeintzuk ziren zalantzak?
E.G.: Gaur egunekoak ere aukeratuko ditugu? Baina erabaki dugu gaur egunekoen kasuan egileak eurak daudela aldaketa egiteko, horrela erabakitzen badute.

Zelan egin zenuten sei abesti hauen aukeraketa?
E.G.: Lagin bat egin dugu sei abesti aukeratuta, bide bat zabaldu dugu. Konturatu gara abesti bat oso gutxi aldatuta inklusiboagoa izan daitekeela eta, abesterakoan, denok eroso sentitu gaitezkeela.

Diskoaren sorreran, zelan banatu duzue lana?
Idoia Barceló: Eneritz ibili da batez ere testuak lantzen. Gero, taldeetan zabaldu zuten. Ahotsa ipintzera taldeka joan ginen Lorentzo Recordsera. Grabaketa nahiko intimoa izan zen. Polita. Bideoklipa kultur etxean grabatu genuen eta talde bakoitzetik ahalik eta pertsonarik gehien batzen saiatu ginen. Deialdia egin genuen eta atea denentzat egon zen zabalik.

Proiektu herritarra izan dela nabarmendu duzue aurkezpenean.
E.G.: Zer egin gura genuen planteatu genuen, aldaketa zehatzak esan barik. Eta hori ahoz aho zabalduta, proiektura batu den jendetza itzela da. Hainbat elkartek eta eragilek ere bat egin dute.

Betaurreko moreak jarri dituzue. Kasu askotan ez zen erraza izango. Miren, AEK-ko irakaslea izanda, ikasleek zelan parte hartu dute?
Miren Iturriagaetxebarria: Ikasleak inplikatzeko eta abesteko prest zeuden, baina, moldaketak egiterakoan, euskaraz ozta-ozta moldatzen zirenek  zalantzak zituzten aldaketa horiek zelan egin. Nire helburua eurak eroso sentitzea zen. Asko eskertzen dugu gugaz gogoratu izana, proiektu oso polita da-eta.

Belaunaldi askotako jendea batu duzue. Abesti horiek dakizkigunok, hein batean, letra batzuk desikastea eta belaunaldi berriek horrela ikastea da gakoa?
I.B.: Nagusienak guztiz ados zeuden aldaketekin. Umeena bitxia da. Askok lehenengoz entzun dituzte abesti hauek, eta horrela ikasi dituzte. Ez dute zuzendu beharrik. Umeek natural ikasi dute horrela.

Musikan, sortzaileek parekidetasuna gero eta barneratuago duzuela esango zenuke, Eneritz?
E.G.: Gero eta gehiago. Hala ere, gaur egungoekin ere oraindik lan handia dago egiteko. Guk ez dugu ezer asmatu. Hator neska-mutil etxera interneten sartzen baduzu, hainbatek horrela abestu izan dutela ikusiko duzu. Guk gure ekarpentxoa egin gura izan dugu.

Abesti batzuetan berba batzuk moldatu dituzue, baina beste batzuetan aldaketa nabarmenagoa izan da.
E.G.: Bai, lehenengo lau abestietan berba batzuk aldatu ditugu. "Mendi altuen edurre, bota sutera egurre, alaba galanten amak mutil zantarren beldurre".  Horixe da originala.  "...noiz arte eukiko dogu mutil zantarren bildurre", da aldatu duguna.

Beste kopla zelan moldatu duzue?
E.G.:"Oraingo neskatilak gona motzarekin, kalean ibiltzen dira lotsa gutxirekin" zen originala. "Kalean ibiltzen dira nahi dutenarekin/ kalean ibiltzen gara nahi dugunarekin" izan da aldaketa. Tradizio handiko koplak dira eta ez dira inoiz aldatu.

Euskal kantugintzan badira beste hainbat harribitxi matxista. Adibideren bat?
E.G.: Eta letrak zalantzan jarri barik abesten dira gainera. Adibidez, "ederregia zara zu soluan biharrerako". "Begire nago begire, noiz etorriko da maitea nire herrire". "Nire nobioaren ama, asto baten jabe dana". "Oraingo neskatilak titi borobilak, un poco más abajo saiatu mutilak", esate baterako, aldatu ere ez dugu egingo, erabili ere ez.

Abesti eta kopletan, emakumeen zein irudi proiektatzen da?
I.B.: Batez ere, emakumeak bigarren plano batean agertzen dira, laguntzaile legez. Etxeko zereginetan ere sarri agertzen dira, edo ama lanetan. Emakume independente eta eragile legez ez dira agertzen.

Domekan bideoklipa aurkeztu zenuten Berrizko Kultur Etxean. Aretoa lepo bete zen.
I.B.: Oso polita izan zen. Jende askok parte hartu du ekimenean, eta polita izan da hainbeste talde batzea. Hainbat arlotakoak elkarlanean aritzeak ere loturak sortu ditu.  
M.I.: Aurkezpenean hainbeste jende eta hain anitza ikustea ederra izan da. Aurkezpenaren aurretik bertso saioa egotea ere polita izan da.
E.G.: Gehien harritu eta emozionatu nauena hauxe da: Berriz ez da herri hila, baina denok batera zer edo zer egitea kosta egiten zaigu. Gai honetan oinarri bat topatu dugu. Hain jende anitza izanda! Batzuk ezagutu ere ez nituen egiten. Jendeak benetan sinistu du proiektuan. Grabaketa egunean jendea txaloka eta umoretsu zebilen. Hori handia izan da.
M.I.: Behin estudiora joan ginenean konturatu ziren ikasleak zenbat jendek parte hartu zuen. Ez zuten espero horrelako zabalkundea izango zuenik. Dimentsio handia hartu du.

Hau bide baten hasiera da.
E.G.: Kritikak ere jaso ditzakegu. Jendeak zelan erreakzionatuko du? Datorrena datorrela, intentziorik onenagaz egin dugu, sasoi hartan egindakoa errespetatuz, baina beste proposamen batzuk planteatuz.
M.I.: Hainbeste jendek proiektuagaz bat egin badu, horren alde dagoelako eta bide onetik gabiltzalako izango da. Ez dugu mundua aldatuko, baina gai honetan denok egin dugu bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!