Oinezkoentzat Bidegain eta Gabiola berrurbanizatuko dituzte Berrizen

Maialen Zuazubiskar 2018ko abe. 6a, 12:57

Martitzenean 2019rako udal aurrekontua onartu zuten Berrizen, eta bertako proiektu aipagarrienetako bat Bidegain eta Gabiola kaleen berrurbanizazioa da. Orland Isoird Berrizko alkateak jakitera eman duenez, oinezkoen segurtasuna bermatzeko egingo dituzte lan hauek batez ere. Horrez gain, autoentzat aparkaleku gehiago ere jarriko dituztela jakitera eman zuen. Lan hauek egiteko, 350.000 euroko diru atala bideratuko du Berrizek.

Horrez gain, besteak beste, 150.000 euro bideratuko dituzte aurrekontu parte-hartzaileetarako, 57.000 euro Legañoko basoak erosteko, eta 25.000 euro Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrerako.

Asteon onartutako 6.110.000 euroko aurrekontuari —iazkoak baino 372.000 euro gehiagoko aurrekontua— EAJko zinegotziek baino ez zioten eman baiezko botoa; EH Bilduk ezezkoa eman zuen eta PSE-EEko zinegotzia ez zen bilkurara agertu. "Ezin dugu aurrekontu hauen alde egin, eta horrek min ematen digu. Baina ez dira gure gustukoak, ez formagatik ez edukiagatik. Ez dakigu ze ikusmiragaz egin diren, zelako herria gura duten berriztarrek", adierazi zuen Gorka Camara EH Bilduren bozeramaileak. Gainera, aurrekontuak "presa handiagaz" egin direla esan zuen. Bestalde, "Aldundiko udalkutxarekiko menpekotasuna" edukitzea ere kritikatu zuen.

Berriz Susaren zorra
Azken urteetan lez, Berriz Susa sozietatean gertatutako irregulartasunaren ondorioz 1,8 milioiko zorra ordaintzen jarraitzen du udalak. Isoirden hitzetan, aurten sozietatea "likidatzea" da udalaren asmoa. Camarak, ostera, azken hiru urteetan "berdina" esan dutela aurpegiratu zien jeltzaleei. "Zor hau sekulako galga da herritarrentzat", amaitu zuen EH Bildukoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!