Betaurreko moreak jantzita euskal kantutegi tradizionaleko sei abesti moldatu dituzte Berrizen

Anboto 2018ko abe. 2a, 15:18

Euskal abesti tradizionalen moldaketan hainbat Berriztarrek parte hartu dute. Abesti guztiekin 'Hator neska-mutil etxera' diskoa eta ondorengo bideoklipa aurkeztu dituzte, gaur, Berrizko Kultur Etxean. 

Eneritz Gorritxategik aurkezpenean azaldu duenez, "kanta hauek ikuspegi inklusiboago batekin kantatzeko egokitu ditugun arren, gure asmoa ez da jatorrizko bertsioak ukatzea, bestelako aukerekin ere proba egitea baizik".

Hator neska-mutil etxera diskoa Durangoko Azokan salgai egongo da Durangaldeko Argitalpenak standean.

Herriko hainbat talde eta eragiletako kideek hartu dute parte grabaketetan, guztira 160 berriztar inguruk: Azeri Gorriak asanblada feminista, Berrioiz Guraso Elkartea, Berrizko AEK, Bertso Eskola, Kantu-lagun taldea, Berrizko Merkatari Elkartea, Iremiñe dantza taldea, Kantxa Zati Bat (Gure Esku Dago), Oka elkartea eta San Lorentzo dantza taldeak.

Hitzen eta doinuen moldaketa: Eneritz Gorritxategi Lariz
Musikariak: Eneritz Gorritxategi Lariz, Iñaki Elortza Sarasketa, Ion Chavez Cabrerizo, Jangitz Larrañaga Gonzalez, Julen Arzuaga Gumuzio.
Soinu teknikaria / nahasketa: Aitor Ariño Rubio (Lorentzo Records)
Bideo muntaia: Eneko Baseta Blanco
Diseinua: Sandra Hernandez Pretel

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!